D bitaminaren sasoia

Guaixe 2010eko urtarrilaren 20a

Sakanako Mankomunitateak hainbat aholku biltzen dituen esku-orriak eta txapak banatu dizkie 0-3 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoei haien seme-alabak elebidunak izan daitezen. Horien artean dago seme-alabak D ereduan matrikulatzeko aholkua. Sakanako Mankomunitateak guraso sakandar guztiei eman dizkie aholkuak. Hori bai, dei berezia egin die etorri berriei eredurik euskaldunenean matrikulatzeko "etorkinek erdarazko ereduetan matrikulatzeko duten joera, hainbat herritan sumatzen dena, geldiarazteko". Sakanako Mankomunitatetik ohartarazi dutenez, "askok uste duenaren kontra, ikastetxea ez da nahikoa hizkuntza baten transmisioa ziurtatzeko". Ikastetxean euskara ikasten duten eta gaztelania hitz egiten duten gazteen adibidea jarri du horren adierazle mankomunitateak. Ibarreko erakundeak ziurtatu duenez, "Euskaraz aritzen direnak, etxean euskara erabiltzen dutenak dira batez ere. Horregatik, oso garrantzitsuak dira familia barruan hartzen diren erabakiak euskararen transmisioa ziurtatzeko". Sakanako Mankomunitateak dioenez, "euskara irakasteaz gain, gurasoek euskararen erabilerarekiko ardura eta hizkuntzarekiko maitasuna eta interesa irakats ditzakete, eta horretarako ez dute hizkuntza jakin beharrik". Mankomunitateak ziurtatu duenez "gurasoak haurraren lehen eredua dira hizkuntzaren erabilerari dagokionez eta, ez dakitenen kasuan, hizkuntzarekiko jarreran". Azkenik ziurtatu du "etxeko hizkuntza edozein dela ere, euskara ikasteak onurak besterik ez dakartza, eta aukera berdintasunerako ezinbesteko elementua da".ArrautzaEsku orriko irudi nagusia da, D bitamina duelako. Mankomunitatearendako haurren garapenean D bitamina bezain beharrezkoa da D eredua.