Urbasako haitzen hitza

Guaixe 2010eko urtarrilaren 20a

Berriki aurkeztu dute Flysch, haitzen hitza dokumentala. Alberto J. Gorritiberea zinemagileak eta Asier Hilario geologoak zuzendu dute film berezi hau. Zumaiako geologiaren harribitxia aztertzen du bereziki dokumentalak, baina Sakanak ere lekua du bertan: Urbasa-Andia mendilerroa ageri da. Ikus-entzunezkoaren hiru bertsio prestatu dituzte, 72, 57 eta 38 minutukoak. Euskaraz eta gaztelaniaz ekoitzi dute, baina ingelesera ere itzuli dute, nazioartean ezagutarazteko asmoz. ETB eta TVE telebista kateetan ere emango dute martxotik aurrera.EdukiaJoan zen udaberrian filmatu zuten dokumentala. Zumaiako flysch-a izan zen eszenatoki nagusia, baina ez bakarra. Wyomingeko basamortuan, Yellowstongo parke nazionalean, Mexikoko Yucatan penintsulako kraterretan eta Islandiako glaziarretan ere egon ziren. Zumaian ikusten diren gertaera geologikoak kontrastatu edo konfirmatzeko agertzen dira leku horiek guztiak. Mundu osoko natur gune pribilegiatu horiekin espazioa partekatu du Urbasa-Andiak. Adituen hitzak eta naturak mundu zabalean eskaintzen dituen irudi ikusgarriak tartekatzen ditu dokumentalak. Haitzetan idatzita dagoen iragana aztertuz, klimaren bilakaera eta planetako izaki bizien etorkizuna iragartzen saiatuko dira. Flysch-aBertikalean kokatutako harrizko geruza gogorren eta geruza bigunen segidek osatzen dute flysch-a. Bereziki ezaguna da Zumaia eta Deba arteko kostaldekoa. Munduko geologia santutegirik garrantzitsuenetakoa da, 12 kilometrotan 10 milioi urteko informazioa duelako eta sedimentazio tasa ikaragarria duelako. Duela 50 milioi urte inguru, Pirinioak altxatu zituzten plaka tektonikoen mugimenduak berak azaleratu zuen. Ordutik, Lurreko historiaren 50 milioi urte laburbiltzen dituen hiztegi hori lurrazalean dago ikusgai. Horregatik leku kuttuna da mundu osoko geologo eta zientzialariendako. Aldaketa klimatiko, geologiko eta biologikoen azterketa leku pribilegiatua da. Urbasa-AndiaZumaiako flysch-aren adin bera du Andia-Urbasak. Duela 50 milioi urte inguru sortu zen eta hortik bere garrantzia. "Daniar selandiar mugan ikusi daitekeen 100tako itsas mailaren jaitsiera hemen ere ikusi daiteke" azaldu ditu dokumentalaren ko-zuzendari eta Zumaiaren flysch-aren arduradun zientifiko eta dokumentalaren zuzendari Asier Hilariok. "Zumaiako arrokak sakonera handiko itsas ondoan sortzen ziren bitartean urbasakoak koralezko arrezifeak sortzen zituzten" gehitu du.  5 minutu72 minutuko filmean 5 minutuko tartea dute Lizarraga inguruan grabatutako irudiek.