Gurpilen gainean jostari

Guaixe 2010eko urtarrilaren 20a

Sakanako Irristaketa Eskolen Topaketak larunbatean despeditu ziren, Altsasuko Burunda pilotalekuan antolatutako jardunaldiarekin. Topaketa Sakanako lau irristaketa eskoletako - Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa Taldea, Urdiaingo Aitziber eta Etxarri Aranatz - kideak biltzeko asmoz antolatu zen, eta Olatzagutian, Urdiainen eta Altsasun gauzatu dira saioak. Aipatu eskoletako 110 neska-mutiko bildu ziren larunbatean Altsasun. Jokoak, lasterketak eta beste egin ondoren, gurasoek ere animatu ziren eurekin aritzera. Oso gustura pasa zuten guztiek, eta dibertigarria izan zen jarduna. Bukaeran guztiek Altsasuko Irristaketa Taldeak prestatutako merenduaz gozatu zuten eta Sakanako Mankomunitateak oroigarria banatu zien gaztetxo guztiei: motxila antzeko poltsak.