Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsoaren arra sortu du etxarriarren artean. Asko izan ziren final handian BECerako bidea hartu zutenak. Otsailaren 20an Etxarri Aranatzera iritsiko da Nafarroako txapelketa. Baina ordura arte itxoin ezinik, bertso afaria antolatu du Etxarriko Gazte Asanbladak. Gaur gauean dute hitzordua Etxarriko Gaztetxean. Hiru bertsolari belaunaldi bilduko ditu bertso afariak: Jon Maia, Julio Soto eta Eneko Lazkoz. Ibilbide oparoa du Jon Maia beteranoak. Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalean izan genuen berriki; bosgarren txapelketa zuen. Jon Maia beteranoena bada, Julio Soto da gazteena. 21 urteko gorritiarrak ibilbide borobila egin zuen Eskolarteko Txapelketetan, hiru urtez jarraian, 2003tik 2005era txapela jarriz. Iaz Nafarroako Txapelketako iraultza izan zen; finalean lehiatu zen Xabier Silveirarekin. Jon Maia eta Julio Sotoren artean dugu Eneko Lazkoz. 26 urteko etxarriarra Eskolarteko Txapeldun izan zen 2001ean. Nafarroako Txapelketetan gorazko bidea egin du eta iaz finalaren atean geratu zen. Beteranoa, gaztea eta etxarriarra mahaian eserita, afaloste ederra izanen da gaur Etxarriko Gaztetxean.