Sakanako aizkolarien beste aukera

Guaixe 2010eko urtarrilaren 22a

Martxan da Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa. Soilik ordezkari bakarra dugu, Floren Nazabal etxarriarra, Sakanako Aizkora Eskolan formatu den Arkaitz Jauregirekin bikoa osatzen duena. Bada, aipatu txapelketa handi honen parean Egur Sportek Zilarrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa antolatu du, maila apalagoan edo formatzen dabiltzan aizkolariek euren aukera izan dezaten. Zilarrezko Aizkora Txapelketaren lehen jardunaldia igandean jokatuko da, ilbeltzaren 24an, 12:00etan, Lekunberrin. Lanean ariko diren lau aizkolarietatik hiru sakandarrak dira: Beltza eta Erdozia etxarriarrak eta Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarra. Beltzak eta Sakanak bikoa osatuko dute eta Erdoziak, aldiz, Saralegi II.a izango du bidelagun. Bi bikoak elkarren kontra ariko dira igandean, eta bost lan osatu beharko dituzte, guztira 20 enbor erdibituz.