25 urte Nafarroako gazteak saritzen

Guaixe 2010eko urtarrilaren 21a

Atzo banatu zituzten 2009ko Encuentros Nafarroako Artista Gazteen Sariak. Sari banaketa ekitaldia Encuentros Sarien 25. urtemuga festa bilakatu zen. Urte horietan 16.000 gazteren lana saritu du jaialdiak. Nafarroako artearen egungo aniztasuna agerian geratu zen atzo Iruñeko Baluarte eraikinak hartu zuen ekitaldian. Arte plastikoak, literatura generoak, ikus-entzunezkoen sormena, arte eszenikoak eta musika saritu zituen Nafarroako Gazteria Institutuak. Horietako bitan saritu zuten Laida Aldaz dantzaria.Etxarriarra finalista zen arte plastikoak eta ikus-entzunezkoen sormena kategorietan. Horietan lehenengoan bigarren saria irabazi du Entre pasos y pulgadas (Instalación 1) lanarekin. 1.100 euro eta trofeoa jasoko ditu. Ikus entzunezkoen kategorian, berriz, hirugarren postuan sailkatu da Derriere Elle lanarekin. 750 euro jasoko ditu Etxarri Aranazko dantzariak. Arte eszenikoetan finalista zen Endeca antzerki taldea, baina saririk gabe geratu da.