Herri txikiak kultur jarduera gabe

Guaixe 2010eko urtarrilaren 21a

PSN-PSOEk salatu du Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi dituela Herriz herri, Udaberriko Bira eta Udazkeneko Bira programa kulturalak. Udaberriko eta Udazkeneko Birek kultur jarduerak eramaten zituen Nafarroako herri txikietara, 200 eta 1.000 arteko biztanleko herri eta kontzejuetara. Sakanan Ziordiak, Urdiainek, Iturmendik, Bakaikuk eta Lizarragak betetzen dituzte baldintza horiek. Herriz herri programak, berriz, zinea eta antzerkia zeraman 200 biztanletik beherako herrietara. Unanu, Dorrao, Arruazu, Irañeta eta Arakilgo herrien kasua da. Alderdi Sozialistak dioenez Kultura eta Turismo Departamentuak e-mail bidez jakinarazi die herriei neurria. Gobernuak krisiari egozten dio erabakia. Kultura herritar guztien eskubidea dela aldarrikatzen du PSN-PSOE alderdiak. Sakanako herrietan ez dute erabaki horren berri.