Egunkariaren alde eta euskararen "erasoen" kontra

Guaixe 2010eko urtarrilaren 27a

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) deituta asteartean 40 bat pertsona kontzentrazioa egin zuen Altsasuko udaletxe aurrean. Euskaraz bizitzeko Egunkaria libre! leloa zuen pankartaren atzean bildu ziren ordu erdiz. Guardia Civila udaletxeko atetik zaindu zuen bilkura. EHEren ustez euskarazko egunkari bakarraren itxiera "eraso" bat izan zen. EHEren iritziz "eraso horren bidez, estatuak ez zuen hedabide soil bat kolpatu nahi izan, herri honek egunez egun erakusten duen euskaraz bizitzeko nahia baizik". Astearteko bilkurako deitzailearendako "hizkuntza ordezkapenaren bidez menderatu nahi izan dute Euskal Herria, eta zentzu horretan ulertzen du EHEk euskara eta euskalgintza jomugan dituen Egunkariaren aurkako erasoa". EHEk "kriminalizazio saioei aurre egin eta Euskal Herria berreuskalduntzeko baldintzak sortzen jarraitzeko" dei egin du. Bide horretan, besteak beste euskarazko komunikabideak "erabili, defendatu eta lehenestera" deitu du EHEk.