Kiroldegia otsailean zabalduko da

Guaixe 2010eko urtarrilaren 27a

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez aste honetan Zelandiko kiroldegiak gasa eta argindarra izanen ditu. Horiek izan eta gero, kiroldegiko ur gunean lanak egin behar dira eta horiek 10 bat egun eskatuko dituzte. Kiroldegiko zerbitzu guztiak, beraz, otsailean martxan izanen direla aurreratu du udalak, baina ez du datarik zehaztu. Horrekin batera, udal enpresako kudeatzailea ere lanean hasiko litzateke. Udalak jakinarazi duenez, haren hautatze prozesua despeditzear da. Altsasuko Udalak azaldu duenez, "Nitram Pool SL enpresaren kudeaketa txarraren ondorioz jasotako herentzia erabiltzaileendako arazoen pilaketa bihurtu du enpresa batetik besterako aldaketa". Argindar eta gas kontratuetan titularitate aldaketa egin nahi zuen udalak, baina Nitram Pool SL enpresak "ordainketak ez ditu egunean" eta, azkenean, udal enpresak kontratu berriak egin behar izan ditu. "Gestio ugari" eskatu omen du egoera bideratzeak. Udalak jakinarazi duenez, Valentziako enpresak "hornitzaileei dirua zor izateaz gain, Gizarte Segurantzaren bahitura-probidentzia du. Hau da, egiten duen edozein ordainketa zor hori kentzera bideratu behar da berehalakoan". Udalak gogora ekarri du iaz erabaki zuela enpresak ez zuela kontratua bete, eta horregatik adostutako dirua ez ordaintzea erabaki zuen, kalte ordainak eskatzeko aukera baztertu gabe. Atabo Altsasu SLIzen hori du udalak sortu duen enpresa publikoak. Urte hasieratik berak kudeatzen ditu Altsasuko kirol azpiegiturak. Aurreko enpresak zituen baldintza beretan hartuko du azpiegituren kudeaketa.