D ereduan eskola publikoan matrikulatzeko deia egin du Sortzen-Ikasbatuaz-ek

Guaixe 2010eko urtarrilaren 27a

Sortzen-Ikasbatuaz-ek asteartean emandako prentsaurrekoan sakandarrak haurrak D ereduan matrikulatzera deitu zuen, "euskaldun eleanitzez osatutako herria nahi dugulako". Sortzen-Ikasbatuaz-eko kideek nabarmendu zutenez, "euskaldun eleanitzak sortzeko eredu bakarra D eredua da". Gaineratu zutenez, "kanpotik etorritako pertsona orok gure herrian murgiltzeko bide bat ere da euskara. Euskal Herria, ulertu, sentitu eta elkarren artean eraikitzeko euskara ezinbestekoa da". Sortzen-Ikasbatuaz-ek agerraldian nabarmendu zuenez, "herrietako eskolek aberastu egiten dute gure herria bera". Azaldu zutenez "gure herriek nahi eta behar dituzten eskolak dira: herrietako egunerokotasunean murgilduta daudenak, herria eta eskolaren arteko ekimenak bultzatzen dituztenak, ateak herriari zabaltzen dizkiotenak ..." Eskola publikoak "herritarron zerbitzura egon behar" direla nabarmendu zuen Sortzen-Ikasbatuaz-ek. Aldi berean, dei egin zuen "gure herrietako eskoletatik Euskal Eskola Publiko Berriaren bidean lan egiteko". Sortzen-Ikasbatuaz-ek nabarmendu zuenez, "jada, gaur egun, Sakanako eskola asko martxan dira  gure herriaren nahi eta beharren araberako hezkuntza eskainiz". Argitu zuenez, "herritarron erantzukizuna da ere gure herriko eskoletan euskaldunon beharrei erantzungo dien eskola eredua bermatzea".Argazkian: Aitziber Larrea Saragüeta (Sortzen-Ikasbatuazeko kidea); Arantza Ibargoien (Lakuntzako gurasoa); Edurne Arkautz (Lakuntzako gurasoa); Manoli Sosa (Lakuntzako gurasoa); Izaskun Leitza (Lakuntzako gurasoa); Anabel Arraiza (Lakuntzako gurasoa, aktorea, musikaria); Asun Fernandez (parlamentaria); Enrike Zelaia (akordeoilaria); Oskar Lasa (pilotaria); Maider Goñi (Etxarriko alkatea); Amaia Albizu (Irurtzungo gurasoa); Maia Ginea (Arbizuko eskolako zuzendaria); Josema Leitza (bertsolaria); Nagore Arruti (Arbizuko zinegotzia); Maite Iriarte (irakaslea); Susana Agerre (irakaslea); Felipe Horkada (Etxarriko irakaslea eta ikasketa burua); Ana Mazkiaran (Etxarriko eskolako zuzendaria); Blanka Ilundain (Irurtzungo irakaslea); Lydia Esain (Arbizuko guraso elkarteko ordezkaria); Miren Berastegi (Arbizuko guraso elkarteko ordezkaria); Joxe Aldasoro (irakaslea); Alberto Barandiaran (kazetari eta idazlea); Erkuden Barandiaran (Bakaikuko gurasoa) eta Osane Leiza (Bakaikuko gurasoa).