Aurrera egiteko aukerak ditu Lakuntzak

Guaixe 2010eko urtarrilaren 25a

Larunbatean mustu zuten 2009ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa Aizarotzen. Lehen kanporaketan sartu zen lehian Oier Lakuntza. Urdiaindarra Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu eta Arkaitz Goikoetxearekin igo zen oholtza gainera. Azken horrek lortu zuen final-erdietarako txartela, 427,5 punturekin nagusituta. Urteetan plaza nagusietatik kanpo ibili ondoren, Nafarroan itzuli da txapelketara Lekunberrin bizi den oiartzuarra. Haren atzetik sailkatu ziren Julen Zelaieta (401 puntu) eta Oier Lakuntza (389,5 puntu). Beraz, aurrera egiteko aukerak ditu urdiaindarrak. LanakNafarroako Bertsolari Txapelketak leporaino bete zuen Basaburuko kultur etxea. 120 bat ikusleren aurrean honako lana egin zuten bertsolariek: binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian; binaka, ofizioka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lanean, bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian eta bakarka, gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean. Saio txukuna egin zuten bertsolariek, gorabeheratsua baina maila onekoa. Hamarreko txikian egin zituzten bertsorik onenak eta kartzelako gaiari ere nahiko erantzun ona eman zioten oro har. Oier Lakuntzak bi ale eder utzi zituen Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbiok erabilitako Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak doinuan. Bigarren kanporaketaIgandean jokatu zen bigarren kanporaketa, Sunbillan. Xabier Legarreta Arano sailkatu zen lehen postuan, 414,5 punturekin. Haren atzetik sailkatu ziren Iñigo Ibarra (385 puntu), Iñaki Aleman (375 puntu), Aritz Saragueta (357 puntu), Ekaitz Astiz (334) eta Egoitz Gorosterrazu (330,5 puntu). Orokorrean, Aizarotzen baino puntu gutxiago lortu zituzten bertsolariek. Beraz, final-erdietara sailkatzeko aukerak ditu Oier Lakuntzak.DatozenakAsteburuan jokatuko da hurrengo kanporaketa, Aoizen. Ander Fuentes Itturri, Migel Mari Elosegi Luze, Saioa Alkaiza, Diego Riaño, Oskar Estanga eta Jose Luis Barberia Zili sartuko dira lehian. Laugarren eta azken kanporaketa otsailaren 6an jokatuko da Garesen. Bertan sartuko da lehian Eneko Lazkoz etxarriarra. www.nafarroakotxapelketa.comorrian jarrai daiteke txapelketa.www.bertsoplaza.tvAtarian kanporaketen laburpenak ikus daitezke bideoan.