Etxean urduri

Guaixe 2010eko urtarrilaren 25a

Lepo zegoen Lakuntzako Behar Zana pilotalekua Euskal Herriko Goma Gaineko Zortziko Txapelketa hasi zenerako eta ikuskizuna ere handia izan zen, espero moduan. Lau talde aritu ziren emakumezkoen 540 kilotan: Gasteizko Badaiotz, Sakana, Lesakako Beti Gazte eta Ibarra. Badaiotz zen faborito eta hala suertatu zen: Gasteizko neskak erraz hartu zituzten menpean kontrakoak eta jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten, aurreko asteburuan Abadiñon jokatutako jardunaldian bezala. Sakana taldeko neskek etxean jokatzen zuten eta zaleen babesa zuten, baina urduri aritu ziren, deseroso antzera. "Etxean jokatzen dugun aldiro kanpoan baina okerrago aritzen gara. Ez dakit zergatik baina hori gertatzen zaigu. Gaizki aritu gara" zioen Sakana taldeko Belen Lizarragak. Egia esan ez ziren ohi bezala aritu eta aurpegian ere nabari zitzaien. Badaiotzen kontra galdu, Ibarra menpean hartu eta Lesakako Beti Gazteren kontra tiraldi bat irabazi baina hurrengoa galdu zuten. Ibarra izan zen tiraldirik irabazi ez zuen talde bakarra. Horrela, Badaiotzek 9 tanto pilatu zituen, Sakanak eta Beti Gaztek lau tantona eta Ibarrak tantorik ez. Sailkapen orokorrean Badaiotz da nagusi 8 punturekin, Sakanak 5,5 puntu ditu, Beti Gaztek 4,5 eta Ibarrak bi puntu. Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia Aramaion jokatuko da, larunbatean, hilaren 30ean, 17:00etan. Hor erabakiko da nor da emakumezkoen 540 kiloko txapelduna. Badaiotzek ia ziurtatua du txapela, baina bukaerara arte dena eman behar da. Ea Sakanak ikuskizuna eman eta bigarren postu horri eusten dion. Abadiñokoen nagusitasunaGizonezkoak 600 kilotan lehiatu ziren eta guztira 7 talde aritu ziren. Ikuskizuna handia izan zen. Abadiño A izan zen jaun eta jabe, gainontzeko sei taldeak menpean hartuta eta jokoan zeuden tiraldi guztiak (12) irabazi eta gero. Haren atzetik sailkatu ziren Amaiur, Ezpeletako Ñapurrak, Berriozar, Abadiño B, Arrigorriagako Sokarri, eta Aguraingo Barrundia. Azken hauek larunbatean Aramaion jokatuko den finaletik kanpo geratu ziren. Finalean Abadiño A eta Amaiur dira txapela janzteko faborito nagusiak.