Presoak gose greban "estatus politikoa" eskatzeko

Guaixe 2010eko urtarrilaren 26a

Astelehenean hasi zuten gose greba Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) presoek. Protesta horren bidez "estatus politikoa" dagokiela aldarrikatu nahi dute eta exijitu dute. Gose greba noiz arte egingo duen ez du zehaztu EPPK-k. Presoek urte guztiko borrokaldia abiatuko dute eta horren barruan kokatuta dago egun hauetako baraualdia. Hilaren 11tik 15era ziegetan itxialdiak egin zituzten. Aurreko astean, berriz, salaketa astea egin zuten. Jon Anzaren desagertzearen salaketarekin batera eta Lorentxa Gimon bizi dituen baldintza txarren aurka egiten ari den hilaren 3tik gose greban dela ere azaldu zuten.  Bestalde, Huelvan preso dagoen Asier Carrera preso etxarriarrak aurrez aurreko bisita galdu zuen asteburuan, "senideak miaketa ukituei uko egiteagatik". Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, espetxe horretako euskal presoak urriaz geroztik daude aurrez aurrekorik gabe. Horregatik hilaren 11tik 15era itxialdia egin zuten eta ez zieten ez postarik ez egunkaririk eman eta ziegan zuten zarama ez zieten ateratzen utzi. Presoen eskubideen alde, berriz, mobilizazioak eginen dira ostiralean Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian.