Argi berdea Plazaolako bide berdeari

Guaixe 2010eko urtarrilaren 27a

Iruñea eta Irurtzun arteko Plazaolako trenaren bidea zena bide berde gisa berreskuratzeko Udalaz Gaindiko Proiektu Sektorialak (UGPS) behin betiko onarpena jaso du. Hala erabaki zuen asteartean Lurralde Antolamendurako Batzordeak. Proiektua Plazaola Partzuergo Turistikoak sustatu du, erakundean ez dauden hainbat udalen babesarekin. Motorrik gabeko desplazamendurako turismoko eta aisiako jarduerak egituratu nahi dira bidearen berreskurapenarekin eta Ingurumen Ministerioaren Bide Naturalak Sarean sartuko da. IbilbideaProiektu Sektorialean sartzen den ibilbideak bost udalerri hartzen ditu: Berriobeiti, Berriozar, Itza Zendea, Arakil eta Irurtzun. 20 km guztira. Egitasmoa sei zatitan banatu dute. Bosgarrena Aizkorberi dagokiona da. 1.525 metro luze da. Zati horretan 620 metroko tunel bat dago. Tunela eta jatorrizko bidearen zati batzuk gaizki daudela ikusita, aukerako ibilbideak planteatu dituzte, baina ez dute guztiz baztertu jatorrizko trenbidea berreskuratzea.Seigarren zatia Irurtzungoa da eta 780 metro luze da. Bidea bat dator trenbide zaharrarekin eta Irurtzungo geltoki zaharra zegoen lekuan bukatzen da; geltoki hori desagertuta dago gaur egun.EpeakUGPS indarrean jartzen denean eraikuntza proiektua aurkezteko urte beteko epea izanen da. Lanak hura onartu eta lau urteko epean despeditu beharko lirateke. Aurretik jendaurrean jarri beharko da UGPS.Ziorditik IruñeraPlazaolako ibilbidea erabilgarri ikusteko urte batzuk pasako dira. Baina hori gauzatzen denean oinez edo txirrindulaz Ziorditik Iruñera joateko aukera izanen da. Izan ere, Sakanako Mankomunitateak bere aurtengo aurrekontutik 358.000 euro bideratuko ditu txirrindula zirkuitua egitera. Ibarreko herri guztiak lotuko ditu ibilbide horrek. Bestalde, Plazaola trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen. Gipuzkoako hiriburutik Lekunberri arteko bidea berreskuratuta dago. Handik Irurtzunera bitarteko zatia falta da berreskuratzeko.