Herri txikiak kultur jarduera gabe

Guaixe 2010eko urtarrilaren 28a

Joan zen astean Nafarroako egunkari batean argitaratu zenaren arabera, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi ditu Herriz herri, Udaberriko Bira eta Udazkeneko Bira programa kulturalak. Udaberriko eta Udazkeneko Birek kultur jarduerak eramaten zituzten Nafarroako herri txikietara, 200 eta 1.000 arteko biztanleko herri eta kontzejuetara. Sakanan Ziordiak, Urdiainek, Iturmendik, Bakaikuk eta Lizarragak betetzen dituzte baldintza horiek. Herriz herri programak, berriz, zinea eta antzerkia zeraman 200 biztanletik beherako herrietara. Unanu, Dorrao, Arruazu, Irañeta eta Arakilgo herrien kasua da.Prentsan agertu denez, Kultura eta Turismo Departamentuek e-mail bidez jakinarazi die neurria herriei. Sakanako herrietan ez dute erabaki horren berri. Oposizioko alderdiek aldarrikatu dute kultura herritar guztien eskubidea dela, eta ez bakarrik hiri edo herri handienetako biztanleena. Programa horietan parte hartzen zuten artistek ere neurria salatu dute. Gobernuak jakinarazi du kultur programen kalitatea hobetzea nahi duela.