Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaztetxeak aurrera leloarekin biharko manifestazioa deitu du Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA). Mobilizazio horrekin Foruzaingoak hilaren 11n izan zuen jokaera salatu nahi du AGAk. Jakina denez, egun hartan sutea izan zen gaztetxean. Gazteek diotenez, "suhiltzaileek era azkar eta eraginkor batean konpontzea lortu zutena asko okertu zen Foruzaingoaren jokaera tamalgarri eta zitalaren ondorioz". AGAk Foruzaingoari gaztetxera hurbildu zen jendea "gaizki tratatzea eta erregistro ilegala egitea" leporatu dio. Gazteek "herriarengatik eta herriarentzat bakean lan egiten uzteko" eskatu dute. Horretan 20 urte daramatela ekarri du gogora AGAk eta "etxe honengatik zerbait sentitzen" dutenei manifestazioan parte hartzera deitu ditu. Deialdiarekin bat egin dute hainbat erakundek eta Sakanako zenbait musika taldek. ManifestazioaBihar, 19:00etan, Altsasuko Foru plazatik.