Profesionalez gain, txirrindulari talde afizionatuak ere hasi dira 2010 denboraldia prestatzen. Tartean dago Rural Kutxa afizionatuen taldea. Rural Kutxa talde kontinentalak kontzentrazioa egin zuen urte bukaeran Arbizun, eta asteburu honetan afizionatuen txanda izango da. Horrela, Rural Kutxa afizionatua Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpetxean bilduko da ilbeltzaren 29tik 31ra bitartean, denboraldia planifikatzeko. Arduradun altsasuarrakAlejandro Hernandez altsasuarra izango da afizionatuen taldeko zuzendaria, eta bere alboan Jose Mari Gorostidi izanen du, alboko zuzendari lanetan. Gorostidik esperientzia handia du eta Bidelan taldetik dator. Eta taldeak alboan izango ditu ere Floren Eskisabel manager orokorra eta Juan Manuel Hernandez kirol managerra, biak ere altsasuarrak. Asteburuko Altsasuko kontzentrazioaren helburu nagusia "taldea egiten saiatzea da" Rural Kutxakoen esanetan, lan inportantea, aurten txirrindulari gehienak berriak direla kontuan hartuta. Izan ere, 29 txirrindulari ariko dira afizionatuen Rural Kutxan. Horietatik 18 berriak dira eta 11 aurreko urteko plantillatik datozenak. Taldea sortzea eta denboraldia planifikatzea ezinbestekoa izango da. Iazko denboraldi bikaina errepikatu nahi badu lan handia du aurretik Sakanako taldeak. Eguraldiak uzten badu larunbatean eta igandean Sakanan barna lauzpabost orduko entrenamenduak egitea da asmoa. Sakandarrak aspaldiko partez Txirrindulari guztiak bilduko dira asteburuko kontzentrazioan, atzerritarrak izan ezik. Yelko Gomez apirilaren hasieran etorriko da eta Alexander Ryabkin eta Radoslaw Kiatkowski otsailean. Aipatzekoa da, bestalde, aurten 7 txirrindulari nafar ariko direla Rural Kutxa afizionatuetan, tartean sakandarrak, eta junior taldetik bost txirrindulari igo direla: Beñat Txoperena, Jon Irigoien, Andoni Palomino, Alvaro Sorbet eta Andoitz Azurmendi. Rural Kutxa talde sakandarra izanda iaz ez zegoen sakandarrik, eta aurten zenbait harrobitik igo izana poztekoa da oso. TaldekideakBerriak: Carlos Delgado (Bidelan-Kirolgi), Eneko Etxeberz (Orbea Continental), Igor Romero (Cafés Baqué), Radoslaw Kiatkowski (Polonia), Airán Fernández (ECP), Alexander Ryabkin (Lokomotiv), Antton Ibarguren (Bruesa), Jesus Herrada (ECP), Jordi Simón (ECP), Rubén Navas (Diputación de Ávila), Rubén Álvarez (Diputación de Ávila), Rubén Cuesta (Renueva), Cristian Escudero (Ciudad de Oviedo), Beñat Txoperena (Caja Rural Junior), Jon Irigoien (Caja Rural Junior), Andoni Palomino (Caja Rural Junior), Alvaro Sorbet (Caja Rural Junior) eta Andoitz Azurmendi (Caja Rural Junior). Jarraitzen dute: Pablo Torres, José Miguel Fernández, Aleix Fábregas, Arturo Ariño, Iván González, Víctor De La Parte, Mikel Filgueira, Yelko Gómez, Francisco Moreno, Jon Oria eta Rubén Cuesta.