DO RE MI FA SOL LA SI DO, NOLA?

Guaixe 2010eko otsailaren 5a

Izenburuan agertzen den bezala, do, re, mi, fa, sol, la, si, do, musika eskala baten barruan aurki ditzakegun notak dira. Baina nota horien barruan jakina da beste gauza asko ere badirela, nota horiek elkartuz eta nahastuz sortzen dira kantuak, eta kantuek sentipenak edo oroitzapenak ekartzen dizkigute burura. Orain arte ez nekien gauza bat ere ekartzen digute burura, ostikadak, ukabilkadak, zauriak eta minak. Ez edonolako zauriak, gorputzean objektu edo eskumutur bat lehertzean eragiten den mina. Jadanik ziur gehienok badakigula Barakaldon Deskontrol taldeak jasandako sarraskia. Bertan kontzertu bat ematekotan zirelarik, 50 pertsona inguru bildu ziren txoznagunean beraien zain taldeko kideak afaltzen zeudelarik, hauek ingurura agertu ziren zer gertatzen zen ikustera eta orduantxe hasi zen dena. 50 lagun, Deskontrol taldea jipoitzen, 50 lagun, euskal talde baten ahoa itxi nahian, zer dela eta? Norberak norbere ideiak zabaltzeagatik? Ez al dugu nahikoa AVT taldeak Euskal musika taldeei egiten dizkien etengabeko erasoekin? Egia esan, oso zaila egiten zait ulertzea, jakinaren gainean gaude beste musika talde batzuek ere jasan dituztela hainbat jende multzoren erasoak kontzertuetan harrikadak, izozkadak.... Taldeek sortzen dituzten kantuen bidez gozatzea da kontua, ez jipoitzea. Musikaz gozatu eta bizi egin behar da, ez ukabila altxatu jipoi bat emateko. Berriz ere esango dut, do, re, mi, fa, sol, la, si, do. Nota hauekin sortzen dira kantuak, musikaz gozatu eta bizitzeko. Aupa Deskontrol taldeari eta jarrai dezagun musikaz gozatzen.Lur Larraza