Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hala esan zuen ostiralean Altsasun Nafarroako UGTko idazkari nagusi Juan Goien Delgadok. UGTko buruak Nafarroako lurralde kontseiluaren bilkurako etena baliatu zuen sindikatuak Sakanako egoera ekonomikoaren inguruko "kezka" azaltzeko. Goienek esan zuenez, ibarrean "etengabe suntsitu dira lanpostuak. Urtetan arduraz jokatu dugu eta orain gehiago. Gu baino ordezkaritza handiagoa duten beste sindikatu batzuek ardura bera balute kontua beste bat litzateke". Sakanako UGTko arduradun Bienvenideo Gallegok gaineratu zuen ibarreko egoera "jasangaitza" dela. "Langabezia handia da eta horri erregulazio espedienteetan daudenak gehitu behar zaie". Gallegok nabarmendu zuen "enplegu betea genuen, baina inork ez zuen inbertitzen. Industrialdeak zaharkituta daude. Enpresak ixten dute eta inork ez ditu lantegiak erosi nahi zahartuta daudelako". Sakanako UGTko buruak udal arduradun, alderdi eta sindikatuei dei egin zien "ahaleginak batu eta Nafarroako Gobernuari Sakanarekin konpromisoa hartzera behartzeko. Bestela, gazteendako etorkizunik ez dago". Horrekin batera, Gallegok "inbertsiorako baldintza erakargarriak sortzea" eskatu zuen, eta gaineratu zuenez, "udalek ez dute ezer egiten". Gobernuari ere dei egin zion "enpresariak Sakanan inbertitzeko anima ditzan". UGTren aurtengo helburuakUGTren aurtengo lehen lurralde kontseiluak urterako helburuak zehaztu zituzten, "beti ere, langileen interesen defentsan". Irailetik heldu den urteko ekaina bitartean hauteskunde sindikalen bidez delegatuen %55a aukeratuko dela aurreratu zuen Goienek eta emaitza onak lortzeko lan eginen dutela esan zuen. Bestetik, UGTren helburua da 35.000 langileri eragiten dien lan hitzarmena erabat desblokeatzea. Azken helburua, "egun proiektua den ekonomi eredu berria izan dadila gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik jasangarria". Jubilazioa 67 urtetan? UGTrendako langileen eskubideen murrizketa da eta ez da beharrezkoa. Gizarte Asegurantzako tesoreriak superabita duela gogora ekarri zuen. Toledoko paktuaren baitan hitz egin beharreko gaia dela ere aipatu du sindikatuak.