Sakandarrak bikain Tuteran jokatutako Nafarroako Kros Luzean

Guaixe 2010eko otsailaren 2a

Igandean Tuterako krosa jokatu zen Santa Quiteria zirkuituan, aldi berean Nafarroako Kros Luzea zena. 10.780 metro osatu behar zituzten korrikalariek. Altsasun aurreko astean Nafarroako Kros Motza irabazi eta gero, atzera ere erakustaldia eman zuen Antonio Etxeberriak, hasieratik proba gidatuz eta helmugara lehena helduz (33:44), Fran Cabrera (33:48) eta Jaouad Boualameren (34:24) aurretik. Proba irabazteko hautagai nagusia zen Gabriel Garin laugarrena izan zen (34:28). Sakandarrak txukun ibili ziren eta Esteban Berdud izan zen lehen sakandarra, helmugara 36.a helduz (39:24). Juantxo Arregi 46.a izan zen (40:13), Juan Carlos Gomez 50.a (41:12) eta Isidro Asurabarrena 59.a (42:25). Emakumezkoetan Raquel Llamasek irabazi zuen proba (21:47), baina bigarren postuan sartu zen Maitane Melero izan zen Nafarroako txapelduna (22:34). Proban aritu zen sakandar bakarrak, Maitane Txueka arbizuarrak, lan ona egin zuen: 13.a izan zen (24:58). Juniorrek 7.096 metroko proba zuten aurrez aurre. Azkarrena Rodrigo Sanchez izan zen (22:38), baina bertan aritu ziren bi sakandarrek lan bikaina egin zuten. Urko Berdud zazpigarrena sartu zen helmugara (24:30) eta Israel Arbizu bederatzigarrena (25:39).