Espektakulu hutsa

Guaixe 2010eko otsailaren 3a

Horixe izan zen Sakanako Iskiza gimnasia erritmikoko klubak igandean eskainitako erakustaldia. Altsasuko pilotalekuan jendetza bildu zen Iskiza taldeko 75 gimnastek eskainitako koreografia eta dantzak segitzeko asmoz. Hasierako eta amaierako desfileak kontuan izanda, guztira 18 saio edo ariketa eskaini zituzten. Txiki-txikienetatik hasita, helduetaraino, musika, mugimendu eta kolorez betetako festa izan zen igandekoa. Bakarka, taldeka, esku libreekin, pilotekin, zintekin eta abar aritu ziren, ikusleen txalo zaparraden artean. Eta aipatu beharra dago benetako ikuskizuna izan zela, oso polita. "Jendeak oso-oso polita izan zela esan digu, ikaragarrizko espektakulua! Horregatik oso pozik gaude entrenatzaileok" zioen Amaia Olmo entrenatzaileak. Iskizako Amaia Olmo eta Cristina Remolina entrenatzaileek antolatu zuten igandeko erakustaldi bikaina, eta antolakuntza lanetan Amelia Moreno eta Nerea Zabaloren laguntza izan zuten. Jakina denez, Iskiza taldean 4 eta 12 urte bitarteko 75 gaztetxo aritzen dira lanean, Altsasu, Olazti, Urdiain, Etxarri Aranatz, Dorrao, Uharte Arakil, Iturmendi eta Albeniz herrietakoak.Gimnasia erritmika eta ballet klaseakAurten Iskizako monitoreen artean berrikuntzak daude. Amaia Olmo, Cristina Remolina eta Izaskun Lobo gimnasia erritmikako monitoreek jarraitzen dute, eta haiei Marta Fernandez monitorea gehitu zaie. Horretaz gain, David Mejias balleteko dantzari profesionalak eskolak ematen ditu Iskizan. Egindako esfortzuak emaitza izan du, Iskizako ikasleak primerako formazioa jasotzen baitute. Klaseen antolaketari dagokionez, Cristina Remolinak eta Amaia Olmok eskola mailako 0 eta 1 taldeekin lan egiten dute, Marta Fernandezek eskola mailako 2. taldearekin eta Izaskun Lobo eskola mailako 3. taldearekin. Horretaz gain txapelketa mailako 5., 6., eta 7. taldeei gimnasia erritmika irakasten diete Remolinak eta Olmok, eta David Mejiasek txapelketa mailako 6. eta 7. taldeei ballet klaseak ematen dizkie.