Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Nafarroako Kirol Institutuaren, Nafarroako Kutxaren eta Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin, 2010eko Sakanako Aizkora Eskola prest dauka, aizkoran aritu eta ikasi nahi dutenek non aritu izan dezaten eta klaseak aizkoran ofizio handia duten irakasleekin ikas dezaten. Aizkora formazioa martxoan hasiko da eta ekainean despeditu, eta klaseak Nazabaldarrek Etxarri Aranatzen duten bordan emango dira, asteazkenetan 19:30etik 20:30era eta larunbatetan 12:00etatik 13:00etara. Floren Nazabal puntako aizkolariak eta Juan Mari Nazabal bere aita eta aizkolaria izandakoa izango dira monitoreak, Jose Ignazio Flores aizkolari arbizuarrarekin batera. 10 eta 30 urte arteko neska-mutilek eman dezakete izena, eta horretarako Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots egin beharko da (948 464 866 telefonoa). Prezioa 45 eurokoa da. Balorazio positiboaSakanako Aizkora Eskola 2005 urtean antolatu zen lehenengoz eta ordutik urtero gauzatu da. Balorazioa oso positiboa da, bai bertara ikastera jotzen duten etorkizuneko aizkolariena eta baita monitoreena. Izan ere, eskola sortu arte familian edo etxean aizkora girorik ez zuenak zaila zuen aizkorarekin hastea, besteak beste materiala - egurra eta beste - eta formazioa behar baitira. Iaz 15 ikasle aritu ziren eskolan.