2010erako diru laguntzen berri eman du Kirol Zerbitzuak

Guaixe 2010eko otsailaren 4a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak zehaztu ditu 2010erako emango dituen diru laguntzak. Makina bat dira: kirol elkarteei diru laguntzak, kirol espezifiko batzuk jasotzen dituzten laguntzak, junior mailara arteko taldeek kilometraje gastuei aurre egiteko diru laguntza - beste entitateetatik laguntzarik jasotzen ez badute - , doako monitore euskalduna izateko aukera, sortu berri diren kirol taldeei diru laguntzak eta ikastaro teknikoak edo kirolaren inguruan formazioa egiteagatik emandako laguntza. Kirol elkarteei laguntzakAipatu laguntza hauetako batzuk aski ezagunak dira, esaterako kirol elkarteek eta kirol espezifiko batzuk jasotzen dituztenak, urtean zehar dituzten gastuei aurre egiteko. Ildo honetan, esaterako, txirrindularitzan dabiltzan Sakanako taldeen artean aurten 2.100 euro banatzea aurreikusten da, pilotan dabiltzanetan 2.400, herri kiroletakoetan 1.500, BTTn 840, mendian 1.500, igeriketan 1.500, Dantzaleku Sakana eskolan 1.950 eta Dantzaleku Sakana helduetan 700. Beti ere taldeek eskabideak aurkeztu eta Kirol Zerbitzuak zehaztutako baremoa gainditzen badute. Eskabideak abenduaren 10a baino lehen eskatu behar dira. Bestalde, sortzen diren kirol talde berriei laguntza emanen die Mankomunitateak, sortzen diren unean, hasierako gastuetan laguntzeko. Horretarako abenduaren 10a baino lehen eskabideak bete eta aurkeztu behar dira, eta eskatutako baldintzak bete.  Kilometrajea, monitore euskaldunak eta formazioaAkaso ezezagunagoa da kilometraje gastuetan laguntzeko Kirol Zerbitzuak onartu duen laguntza. Kasu honetan junior mailara arteko taldeak laguntzen dira, beti ere Nafar Kirol Jolasetatik edo beste instituzioetatik laguntza jasotzen ez badute. Talde interesatuek eskaera eta eskatutako dokumentazioa abenduaren 10a baino lehen aurkeztu behar dute. Kirol jardueretan euskararen erabilera bulkatzea beti izan da Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren kezka eta apustua. Horregatik kirol elkarteei doako monitore euskalduna eskaintzeko deialdia egin du, atzera ere, zerbitzuak. Haur eta gaztetxoen jarduna euskaldun eta kalitatezkoa izan dadin, monitore euskaldun eta formatuekin lan egitea sustatu nahi du Mankomunitateak. Horretarako denboraldi oso batean monitore kualifikatu eta euskaldun bat kontratatzeko laguntza eskainiko du. Eskaria aurkezten duten talde bakoitzari 1.000 euroko laguntza emango zaie, Mankomunitateak zehaztutako baldintza guztiak betetzen badituzte, hain zuzen. Eskabideak urriaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira (2010-2011 ikasturterako).  Azkenik, monitoreen formakuntza bulkatu nahi du Mankomunitateak. Horregatik, ikastaro teknikoetan parte hartzen duten sakandarrek diru laguntza jaso ahal izango dute. Horretarako eskabidea egin eta Kirol Zerbitzuak eskatutako agiri batzuk aurkeztu behar dira, abenduaren 10a baino lehen. Aurrekontuan jasotzen dena guztien artean banatuko da, eta kopuruak inoiz ez du pasatuko izen-ematearen gastuaren %50, ezta 600 euro ere ez. www.sakana-mank.comLaguntza hauen guztien berri Sakanako Mankomunitateko web orrian topa daiteke, kirolak atalaren barruan. Bestela Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa).