Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian Euskaltel-Euskadi taldeak aurtengo denboraldiko taldearen aurkezpena egin zuen. 24 txirrindulari izango dira, horietatik 6 berri. Taldean jarraitzen dute lau sakandarrak: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza. Ekitaldiak ostegunaz geroztik txirrindulariek Derion egin duten kontzentrazioa despeditu zuen. Igor Gonzalez de Galdeano taldeko manager berriak - Madariaga ohorezko presidentea da - aipatu zuenez, "Frantziako Tourrean etapa bat irabaztea da helburua, taldea Tourrerako jaio baitzen". Horrekin batera hemengo probetan itxura ona ematea eta lan txukunena egitea da talde laranjaren egitekoa. Txirrindularien lana hobetzeko analisi metabolikoa eginen diote bakoitzari, eta lan taldea sendotzera begira lan psikologikoa eginen dute. Horretaz gain, txirrindulariei kontrol zorrotza eginen diete, doping probak barne. Lau sakandarrakEgoi Martinezek eta Gorka Verdugok iazko denboraldiaren antzeko egutegia izango dute: martxoa eta apirila bitartean lehen sasoi puntua izango dute, eta Frantziako Tourrean sasoi betean ariko dira. Ondoren ikusiko da Espainiako Itzulian jarraituko duten ala ez. "Gorka beteranoa da eta beti dago lanerako prest. Helburu nagusietarako txirrindularia da. Eta Egoi oso garrantzitsua da guretzat. Beteranoa, erantzunkizuna hartzen du une garrantzitsuetan" dio Gonzalez de Galdeanok. Bestalde, Pablo Urtasunek gainditu ditu belaunean zituen arazoak baina ezingo du denboraldia nahi bezain indartsu hasi. Tirreno Adriatico proban hasi, klasikoak osatu eta Fernandez de Larrea esprinterra aurrean kokatzeko lana egitea izango da bere lana. "Indartsua da, badaki lehiatzen, eta aurten irabazi beharko luke" dio managerrak. Azkenik, Jorge Azanzak adierazi duenez, konfiantza berreskuratu du eta dena emateko motibatuta dago. "Aurreko urteetan ez du guk espero genuena eman. Aurten egutegi polita dauka eta gauza onak egiteko gai da" nabarmendu du Gonzalez de Galdeanok.