Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako hainbat udal ordezkarik asteazkenean prentsaurrekoa eman zuten Nafarroako Parlamentuaren atean. Hautetsi sakandarrek udalek onartutako mozioetan egindako eskaerak egiten jarraituko dutela ziurtatu zuten. Hau da, Nafarroako Gobernuak Josefina Arregi klinika psiko-geriatrikoko 21 oheak kontzertatzeko eskatzen dute udalek (egun 11 besterik ez dira). Horrekin batera kontzertuan zentro psikogeriatrikoak eskaintzen dituen kanpo kontsultak biltzea eskatu dute udalek. Azkenik, eguneko zentroaren bideragarritasuna bermatzeko Ongizate Departamentuarekin hitzarmena egitea eskatu dute udalek. Asteazkenean Parlamentu aurrean agertu ziren hautetsiek Osasun Batzordean adostutakoaz adierazi zuten "urrats positibo bat eman" dela, "baina eskaerak egiten jarraituko dugu". Sakanako udal ordezkariek jakinarazi zutenez, "15-20 egun ematen dizkiogu Nafarroako Gobernuari Parlamentuaren eskaerarekin harkorra izan dadin, bestela sinadura bilketa hasiko dugu".ParlamentuanNafarroako Parlamentuko Osasun Batzordera Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren egoera eraman zuen NaBaik. Sakanako udalek onartutako mozioa zen, eta gobernuak zentroko zerbitzu guztiak kontzertatzea eskatzen zen. Ordezkatuta dauden alderdi guztiek zentroaren garrantzia nabarmendu zuten. Guztiek aho batez onartutako mozioan "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ahal bezain laster zentroko arazo ekonomikoak konpontzeko. Egun dauden 21 oheak kontzertatuz zentroaren bideragarritasun ekonomikoa eta funtzionamendu normala bermatzea". Horrekin batera, mozioan jaso da "Nafarroako Gobernuaren eta Josefina Arregi zentroaren bideragarritasun plan bat egitea, zentroak eginen lukeena, zeinak epe ertain eta luzera bere bideragarritasuna eta jarduera ziurtatuko duen". NaBaiko Asun Fernandez de Garaialde parlamentariak adierazi zuenez "Ez da nahi genuena, baina horrela 21 oheak kontzertatzea lortzen bada... Baina eguneko zentroa kontzertatzea eta kanpo kontsultak berriro zabaltzea lortu arte borrokan jarraituko dugu". UPNko Javier Markotegik gogora ekarri zuen "aurrekontuan ez dago nahikoa diru. Gu traba hori gainditzen saiatuko gara. Baina traba gainditzerik ez balego, gaur dagoen oztopoaz ohartarazi nahi dut". ItxitaKlinikak kanpo kontsultak eskaintzen zituen. Zerbitzu hori gaur egun itxita dago.