Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abian dira Altsasuko eta Olaztiko kintoen Santa Ageda ospakizunak. Olaztikoak igandean despedituko dira eta Altsasukoak asteartean. Urdiainen, Iturmendin, Bakaikun eta Ziordian asteburuan izanen dira ospakizunak. BakaikuAurten lau kinto daude Bakaikun: Haizea Galarza, Javi Aiestaran, Natalia Cerezo eta Uxue Ondarra, baina kinto ospakizunetara kinto gazteak eta zaharrak gehituko zaizkie, eta hortaz hamarren bat ariko dira festan. Gaur Altsasun afaltzera bilduko dira guztiak eta ondoren ordu txikietaraino egonen dira parrandan. Bihar, berriz, goiz eta eguerdi partean kintoak Bakaikun eskean ariko dira, trikitilarien laguntzarekin. Herrian barna ibili eta gero, mahaira eseriko dira. Aurten Ataungo sagardotegi batean dute zita. Bueltan Altsasun geratuko dira, kintoen dantzak ikusi eta parrandarekin jarraitzeko. Iturmendi Hiru kinto daude aurten Iturmendin: Urko Agirre, Ainhoa Goikoetxea eta Asier Lopez. Baina batuko zaizkien kinto gazte eta zaharrekin - bost kintada - 19 bat izanen dira festaz gozatuko dutenak. Guztiak ere gaur afaltzera elkartuko dira Aritzaga elkartean eta ziurrenik gaua luzatu eginen zaie. Bihar, larunbat eguerdian herrian barna eskean ariko dira gazteak. Dena ez da eskatzea izanen, eta eskaini ere eskainiko dute: pastak eta moskatela, eta ez da gutxi! Bazkaltzera ere elkartean bilduko dira eta arratsaldean, trikiti doinuak lagun, parrandan ariko dira herrian barna. Gauean Altsasura joko dute, bertan afaldu eta parranda egiteko asmoz. Urdiain Kinto bakarra dago aurten Urdiainen: David Irigoien. Egun hauetako ospakizunetan, hala ere, aldamenean izanen ditu kinto zaharrak, Iker Etxeberria eta Iñaki Galartza (beste 3k ez dute ospatuko) eta kinto berriak: Ane Galartza, Nagore Villar, Tasio Leinena, Imanol Etxarri, Alejandro Lopez de Goikoetxea eta Mikel Pardo. Guztiak ere gaur bazkaltzera bilduko dira. Mahaitik altxa eta gero, herrian barna, axuri baten zozketarako txartelak saltzen ariko dira. Iluntzean, afaldu eta Altsasun parranda egiteko asmoa dute kinto urdiaidarrek. Bihar, atzera ere mahaiaren inguruan bilduko dira kintoak. Gosea berdindu ondoren, traktorean, baserrietako bidea hartuko dute. Haietan eskatzeaz gain, zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatuko dituzte. Baserrietatik bueltan, Altsasun poteatzera sartu irtena eginen dute, atzera ere Urdiainen mahaiaren inguruan biltzeko. Afariak Altsasun egin asmo duten parrandari emanen dio txanda. Domekan gosaltzera bilduko dira kintoak. 13:00ak aldera plazan dago hitzordua jarrita. Kintoek azken asteetan entseatutako dantzak (zortzikoa, jota eta porrusalda) dantzatuko dituzte. Saioaren ondoren etxez etxeko diru eskea hasiko dute eta bazkariarekin despedituko dituzte ospakizunak. AltsasuSanta Ageda ospakizun handia izan ohi da altsasuar guztiendako eta zer esanik ez aurtengo kintoendako. 45 neska-mutiko dira aurten kintoak. Horrela, atzo, Santa Ageda bezperan, bazkaldu eta gero kintak kalera atera ziren kantuan, baserritarrez jantzita, eta diru eskean aritu ziren, eta arratsaldean kinta eta kinto guztiak meza elizkizunean bildu ziren. Gaur, Santa Ageda egunean, mutilen txanda izango da. Goizean, Mikel Etxabarri aurtengo erregeak eta Carol Blazquez aurtengo erregina nesken bila abiatuko dira etxez etxe, Sergio Miño bigarren erregea eta Sara Lobo bigarren erregina lagun dituztela, eta euren etxeetan opilak bilduko dituzte, segidan hauek lantegi eta tabernetan saltzeko. Opilak makila handi batean jasoko dituzte, eta neska bakoitzaren etxean jota eta porrusalda dantzatuko dute. Haiekin boteroa joango da. Bere eginbeharra kintoek bildutako dirua jaso eta astoak daramatzan alforja edo poltsetan gordetzea izango da. Aurten Jorge Rivero gaztetxoa izango da boteroa eta astoa eta gurdia zaintzea izango da bere lana. Jakina, bitartean kinto mutilak diru eskean ariko dira, txuriz jantzita, kaikuarekin eta txapelarekin. Zilarrezko erretiluak erabiliko dituzte dirua eskatzeko, eta eskuan, zintaz apaindutako gorosti makila ederra izanen dute. Bularrean gurutzatutako bi zapi daramatzate, eta horretaz gain lepoan armarriekin brodatutako zapi zuria eta aurrean zapi berdea, Santa Ageda martiriaren kolorea, hain zuzen. Etxez-etxe, komertzio eta lantegietan, Altsasutik pasatzen diren autoetan... toki guztietan ariko dira eskean. Izan ere, opilen salmentarekin eta asteazkenean neskekin jasotakoarekin batera asteartera arte iraunen duten festak finantzatu behar dituzte, bazkari-meriendak eta beste. Diru kontaketa astelehenean eginen dute Vasconia bankuan. Jakina denez, arratsaldero, 19:30ean, kintoek zita garrantzitsua dute plazan. Juan Cruz Bengoetxearekin eta Andoni Beramendirekin ikasitako zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatu beharko dituzte kinto guztiek. Erregea eta erregeordea izanen dira dantzatzen lehenak, eta gero gainontzekoen txanda izango da, asteartera bitartean arratsaldero errepikatuko diren saioetan. Baina Santa Ageda ez dute soilik urte bakoitzeko kintoek ospatzen. Santa Ageda egunean, gaur, ospakizunen 25. eta 50. urteurrena eta 60. urte betetzen dituztenek ere urteko kintoekin bat egin eta festa handia ospatuko dute, eta arratsaldeko zortziko dantzaldian ere aritzera animatuko dira. Eta bihar, larunbatean, gainerako kintada guztiek eginen dituzte bazkari-afariak, festa egun ederra ziurtatuz. Ohikoa denez dantzaldia izanen da plazan. Aurten 45 kinto daude Altsasun. Kintak: Carol Blazquez Salgado, Sara Lobo Rodriguez, Leire Gonzalez Martin, Laura Claver Garcia, Sandra Chamorro Caceres, Marta Kortabarria Valtierra, Jennifer Cerdan Barrio, Elena Romero Vicario, Olatz Monreal Oiarbide, Ariane Senar Navarrete, Itziar Elizalde Berastegi, Karmele Goikoetxea Viana, Lohitzune Berastegi Lizarraga, Nerea Etxarri Jimenez, Nuria Zia Soto, Leire Mujika Izagirre, Ane Otermin Ijurko, Izaskun Artigas Ezkerra, June Bengoetxea Irigoien, Nerea Elizalde Berastegi, Izaskun Salegi Bengoetxea, Amaia Aranguiz Oiarbide eta Virginia Jimenez. Kintoak: Mikel Etxebarri, Sergio Miño, Alvaro Garcia, Iñigo Cid, Iñigo Palacios, Iñaki Fernandez, Urko Verdud, Andoni Barrena, Jose Diaz, Mikel Domingo, Joseba Lana, Asier Salgado, Iñaki Argüelles, Xabier Bergera, Xabier Galarza, Mikel Lopez, Asier Amiama, Eder Goikoetxea, Carlos Fernandez, Julen Diaz, Ibon Poveda eta Ander Claver.OlatzagutiaOlatzagutian 12 kinto dira aurten: Ane Arregi, Andrea Mendieta, Maider Alba, Ainara Orabengoa, Andres Alvarez, Joseba Oraa, Jon Ruiz, Jon Gastaminza, Eneko Cruz, Migel Angel Perez, Asier Askargorta eta Xabier Galbete. Goiztiarrenak izan dira ospakizunekin hasten. Asteazken goizean meza izan zuten San Sebastian ermitan eta apaizak kintoek eramandako opilak bedeinkatu zituen. Ondoren apaizari, medikuari, olaztiar edadetuenari eta olaztiar gazteenari banatu zizkieten opilak, eta igandera arte iraunen duten festak finantzatzeko diru eskean hasi ziren etxez-etxe eta dendatan, txarangaren laguntzarekin. Baserritarrez janzten dira Olaztiko kintoak, eta mutilek zintez apaindutako makilak daramatzate. Igandera bitartean ez zaie bazkari eta afaririk faltako. "Hamaiketakora herriko tabernek eta elkarteek gonbidatzen gaituzte: Klinkerrek, Aixelekuk, gaztetxeak eta San Migel eta Santa Ana elkarteak. Bazkariak eta afariak gure kontu dira, eta egunero txarangarekin eta trikitiarekin ibiliko gara" azaldu digu Ane Arregi kintak. Etxeetan dirua eskatzeaz gain, gainontzeko egunetan Olaztitik pasatzen diren autoei dirua eskatuko diete eta enpresetatik ere eskean pasako dira. "Horretaz gain, Gabonetan boletoak saldu genituen dirua ateratzeko". Horrela finantzatuko dituzte igandera arteko festak. Aurtengo kintoez gain, olaztiar guztiek kinto bazkari edo afariak izanen dituzte larunbatean, kintadak. Tradizio handiko eguna da Olaztin, eta egun horretan plazan dantzaldia eta giro paregabea izaten da. Ziordia Aurten lau kinto daude Ziordian, denak neskak: Amagoia Azpiroz, Leire Urdiain, Ainhoa Mozo eta Irantzu Okariz. Haiekin batera kinto zaharrak eta kinto berriak ariko dira parrandan. Guztira 15-18 gazte inguru ariko dira ospakizunetan. Gaur Errekartea elkartean bazkaltzera bilduko dira, eurek prestatutako bazkarian, eta ondoren herrian barna ibiliko dira parrandan. Atzera ere elkartean afaldu ondoren, Altsasuko bidea hartuko dute. Bihar eguerdian gazteak kalera aterako dira, hamaiketakoa hartu eta gero, eta trikitixa lagun Ziordiko etxeetan eskean ibiliko dira giro alaian. Lantegietara ere joanen dira. Ildo honetan, aipatzekoa da arkume bat zozketatuko dutela. Bihar ere elkartean bazkalduko dute, eta kasu honetan gurasoek prestatuko diete bazkaria. Arratsaldean herrian buelta eman eta gero, afaltzera Altsasuko sagardotegi batera joko dute, eta han gaua luzatuko zaie. Kinto ospakizunak domekako bazkariarekin despedituko dituzte. Kintoez gain gainontzeko ziordiarrak kintoka bilduko dira larunbatean, bazkari-afarietan, kintadaka.