Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo goizean Pedro Gonzalezek, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari nagusiarekin, eta Javier Baigorrik, Nafarroako Prestakuntza Institutuko arduradunarekin bildu zen Sakanako Prestakuntza Batzordea. Lanbide Heziketaren (LH) inguruan Nafarroako Gobernuak egindako ikerketa baten berri jaso zuten mankomunitateko, udaletako, sindikatuetako (LAB eta UGT), Sakanako Enpresarien Elkartea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta Lanbide Heziketa institutuko ordezkariek. Bilkuran Hezkuntza Departamentuko ordezkariek jakinarazi zuten mantenuko goi zikloa eskainiko duela heldu den ikasturtean Altsasuko institutuak. Eskaera zaharra beteko da horrela. Izan ere, gaur egun Nafarroan goi zikloko ikasketarik ez duen Lanbide Heziketako ikastetxe bakarra da Altsasukoa. Mekanizatuko edo mantentze-lanetako goi zikloa eskatu izan da ibarretik. Ikasketak horietarako eta gainontzekoendako martxo aldera eginen da aurre-matrikulazioa eta erantzunaren arabera ikasketa horiek egin Altsasun egiteko aukera izanen da. Bildutako guztiak ados zeuden LHren alde egin behar dela esatean. Horretaz gain, ikastetxeak "paper estrategikoa edo erreferentziala" jokatu behar duela esatean ere ados zeuden bildutakoak, ikuspuntu ezberdinak baziren ere. Aurrera begira beste ikasketa batzuk ere har zitzakeela aipatu zuten bileran, esaterako, gizarte arlokoak. TxostenaIbarrean LHk dituen beharrak aztertu zituzten ikerketa egin du departamentuak. Aurrera begira institutuaren eskaintza beste sektoreetara (soziosanitarioa, komertziala eta turistikoa) zabaltzeko aukera mahai gainean jarri zen. Hezkuntza Departamentuak aurreratu duenez, ikerketa horren ondorioetako bat da "enpresen eskaerei egokituta dago hein handi batean Lanbide Heziketako eskaintza". Ikerketan ere jaso da "eskualdearen eta ikastetxearen indartzeko Nafarroan erreferenteak diren prestakuntza eskaini" behar dela. Goi titulazioa eskaintzearen beharra nabarmendu du ikerketak. Bide batez, "ezinbestekotzat" jotzen du erakunde eta instituzioen arteko lankidetza, eta "guztiak bide berean lan egitea". Prestakuntza Batzordeak lanean jarraituko da eta egitekoetako bat landu daitezkeen sektoreen ikerketa egitea izanen da. Horretaz gain, ikerketan zera jaso da: prestakuntza gutxi duen langile kopuru handia dagoela; gehien eskatzen den perfil teknikoa mantentze-lanetako erdi eta goi mailakoa dela eta, horrekin batera, mekanizatu eta soldadurako erdi maila. Azkenik, ikerketak dio emakume gutxi dagoela industria arloko lanetan, hori izanik hain zuzen ere eskualdean lana sortzen duena.BileraAurreko ostiralean Sakanako Enpresarien Elkarteko ordezkaritza Hezkuntzako kontseilari Alberto Catalan Higuerasekin bildu zen. Baita Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari nagusi Pedro Jose Gonzalez Feliperekin ere. Lanbide Heziketak Sakanan duen eskaintza aztertu zuten bilkuran. Enpresen lehiakortasunean eragiteko langileen prestakuntza hobetzeko lanean ari direla azaldu zuen Catalanek. Horren adibide gisa jarri zuen soldadore eta galdaragintzako langileendako ebaluazioa eta konpetentzien kreditatze egitasmoa. TrebakuntzaAtzo arratsaldean ekin zioten 30 gizonek soldadura eta galdaragintzan dituzten ezagutzak kreditatzera eta ebaluatzera (15 bat itxaron zerrendan daude). Prozedurak bi urte ditu. Atzo hasitako egitasmoan langileak dakitena kreditatzeko urratsak ematen hasi ziren. Langileek aholkulari batzuei zein lan egin dituzten jakinaraziko diete. Entzundakoa konpetentzia unitateen katalogoan jasotakoarekin alderatuko du aholkulariak eta, horren arabera, langileari jakintza edo prestakuntza bat aitortuko zaio. Esan bezala, langileak esandakoan oinarrituta. Aholkularitza prozedura horrek sei bat ordu iraunen ditu. Langileak egiten dakiena hala dela ziurtatzeko proba batzuk egin beharko ditu, ebaluazioa. Langileak zenbat eta konpetentzia unitate edo jakintza handiagoa izan orduan eta proba gehiago egin beharko ditu esan duena egiten dakiela erakusteko. Hori guztia aurreneko kurtsoan eginen da. Bigarren urtean langile bakoitzak duen jakintza edo konpetentzia unitateetan oinarrituta titulu ofiziala lortzeko beharrezko prestakuntza emanen zaio. Laguntza eta formazio saioak lirateke horiek, astean bitan edo egin beharrekoak. Atzoko bileran aipatu zen halako kreditatzera eta ebaluatze prozedurak beste lan esparruetara zabaldu daitezkeela, esaterako, adineko, ezindu eta bestelako pertsonak zaintzen dituztenendako.