Euskarazko produktuen informazioa e-postan

Guaixe 2010eko otsailaren 9a

Eguberrien aurretik eman ohi dugu Euskarazko Produktuen Katalogoaren berri. Gurasoek seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera ematen du Interneteko atariak. Gainera, eskaintza zabal horretan gida izan daiteke Euskarazko Produktuen Katalogoa. Katalogoa Euskal Herriko 135 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuen lanaren emaitza da (tartean Sakanakoak). Atarian zenbait berrikuntza egiten hasi dira. Horietako bat boletina da. Izena ematen duen edonork bere posta elektronikoan katalogoan sartutako azken berritasunen inguruko argibideak jasoko ditu etxean urtean banatutako bizpahiru boletinetan. Hau da, Euskal Herriko argitaletxeek haur eta gazteentzako argitaratzen dituzten euskarazko produktuen informazioa jasotzeko aukera egonen litzateke. www.katalogoa.org/buletina Buletina jaso nahi duenak lotura horretan eman beharko du izena.