Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakinarazi digunez, ilbeltza 1.482 langabe sakandarrekin bukatu dugu, abenduan baino 140 gehiago. Bestela esanda, %10,43ko hazkundea. Langabe berrien artean Isphording-en aritutako 95 pertsonak daude. Emakumeak dira langabezia gehien pairatzen dutenak, 782. Gizon langabeak, berriz, 700 dira. Genero bakoitzean igoera bera eman da, 70 langabe berri. Sektoreei dagokienez, lan eskaera gehienak, 721, zerbitzu arloan aritzeko dira (56 gehiago). Industrian lan egiteko prest 574 sakandar daude (87 +). Eraikuntzan lan egiteko 121 eskaera daude (4 gutxiago). Abeltzaintzan aritzeko sakandarren 22 eskaera dituzte enplegu bulegoetan (2 gehiago). Azkenik, aurretik lanik egin ez duten sakandarren kopurua 44koa da (1 gutxiago). Nafarroa Sakanan bezala, Nafarroan ere langabeziak gora egin zuen ilbeltzean. 2.625 langabe gehiago daude, hau da, %6,46ko igoera. Nafarroan guztira 43.278 langabe daude. Generoari erreparatuta, langabezian dauden gizon-emakumeen kopurua paretsua da: 21.664 gizonezko daude lanik gabe (%4,02+) eta 21.614 emakume (%9,02+). Imelda Loreak, Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusiak, datuen balorazio "negatiboa" egin du "langabeen kopuruak gora egin duelako, baina egoera aurtengo aurreneko seihilekoan zuzentzea espero da". Loreak gogorarazi zuen "ekonomia egoera gora behera, Nafarroan ilbeltzean beti igotzen da langabezia". Eta nabarmendu du iaz baino gutxiago hazi dela.