Santa Ageda egunaren inguruan ospatu dira, aurten ere, Burundako kintoak. Bakaikun eta Iturmendin ostiralean eta larunbatean egin zuten parranda. Ziordian, berriz, asteburu guztian ospatu dute kintoek haien festa. Olaztiarrek asteazken goizean abiatutako festa domekan despeditu zuten. Urdiainen domeka eguerdian plazan dantzatzearekin eta bazkariarekin despeditu ziren kinto ospakizunak. Aurten kinto izan diren Nora Olaiz, Fran Ostiza eta David Irigoienekin batera, parrandan Iker Etxeberria eta Iñaki Galartza kinto zaharrak eta Ane Galartza, Nagore Villar, Tasio Leinena, Imanol Etxarri, Alex Lopez de Goikoetxea eta Mikel Pardo kinto berriak izan ziren.Altsasun, ostiralean, kintoen ospakizunera beste kintada batzuk batu ziren: 25. urteurrena bete zutenak batetik, eta, bestetik, duela 60 urte kinto izandakoak. Kintadako kide guztiak kalean eskean izan ziren eta jasotako 14.097 euroek asteartera arte luzatu zen parrandan baliatu zituzten. Haiei zahatoa eramanez Jorge Rivero Urteaga 13 urteko gaztea izan zen. Bost egunez, iluntzean, plaza altsasuarren bilgune bihurtu da, kintoak dantzan ikusteko, nahiz eta jendeak hotzari aurre egin behar izan dion.