Sakana emakumezkoen 500 kilokoan buru belarri

Guaixe 2010eko otsailaren 8a

Despeditu berri da Emakumezkoen 540 kiloko txapelketa - Sakana txapeldunordea izan da, Gasteizko Badaiotz txapeldunen atzetik - , eta abian da Emakumezkoen 500 kiloko txapelketa. Txapelketaren lehen jardunaldia larunbatean jokatu zen, Ezpeletan. Zortzi tiralariz osatutako lau talde aritu ziren lanean, 540ko txapelketan aritutako talde berberak, hain zuzen: Gasteizko Badaiotz, Lesakako Beti Gazte, Ibarra eta Sakana. 540ko txapelketan gertatu bezala, Badaiotzeko neskek ez zuten areriorik izan eta jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Sakanak Badaiotzen kontra galdu egin zuen, Ibarra menpean hartu zuen eta lehia sutsua izan zuen Beti Gazterekin. Lehen tiraldiak 3 minutu iraun zuen eta Sakanak irabazi zuen, eta bigarren tiraldian ere sakandarrak nagusitu ziren. Ibarrak ez zuen tiraldirik irabazi. Horrela, sailkapen orokorrean Badaiotz da buru 4 punturekin, 3 puntu ditu Sakanak, bi Beti Gaztek eta bakarra Ibarrak. Txapelketako bigarren jardunaldia larunbatean jokatuko da, hilak 13, 17:00etan, Iruritan, eta hirugarren eta azken jardunaldia Arrigorriagak hartuko du, otsailaren 20an.