Sakanako Atletismo Kopak baditu irabazleak

Guaixe 2010eko otsailaren 12a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak 2009ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria antolatu zuen, sakandarren artean atletismoa sustatzeko. Bost probak puntuatzen zuten koparako: maiatzaren 30ean Urdiaingo Aitziber elkarteak antolatutako Aitziber Krosak, ekainaren 6an Iturmendin jokatutako IV. Aitzkozar Herri Krosak, irailaren 19ko Ergoienako IV. Birak, azaroaren 15eko Sakanako VII. Herri Lasterketak eta urte akaberako Altsasuko San Silbestreak. Proba bakoitzean 10 sakandar hoberenek puntuatzen zuten, 10 gizonek eta 10 emakumeek. Eta horretaz gain, kopa jasotzeko gutxienez 4 lasterketatan hartu behar zen parte. Bada, mutiletan Francisco Javier Gomez Fernandez altsasuarra izan da Sakanako Kopako txapelduna, 46 punturekin. Bigarrena Antton Zelaia urdiaindarra sailkatu da (39 puntu), eta hirugarrena Jon Iñaki Araña Razkin arbizuarra (30 puntu). Emakumezkoetan Jone Pelaez Fernandez altsasuarra izan da kopako txapelduna (38 puntu), Nuria Ongay Tere satrustegiarra bigarrena (20 puntu) eta Belen Mendoza Sanzo altsasuarra hirugarrena (14 puntu). Sailkapen osoa begiratzeko www.sakana-mank.com web gunera jo behar da, kirolen atalera. Sari banaketa asteazkenean egin zen Altsasuko Lasa Kirolak dendan.SariakLehenengoek: 80 € kirol materialean.Bigarrenek: 60 € kirol materialean.Hirugarrenek: 40 € kirol materialean.