Mallorcatik Algarvera

Guaixe 2010eko otsailaren 11

Mallorcako Challengea edo Itzulia despeditu eta gero, Portugalgo bidea hartuko dute gure txirrindulariek, otsailaren 17tik 21era bitartean Algarveko Itzulia jokatuko baita. Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinez etxarriarrak han mustuko du denboraldia, eta Mallorcatik itzuli berri den Gorka Verdugo etxarriarra ere Algarven izanen da. Hasiera batean haien taldekide Jorge Azanza aritzekoa zen, baina aho-infekzioa duenez ezingo du parte hartu. Talde indartsua darama Euskaltelek, Samuel Sanchez eta Igor Anton buru direla, eta hari laguntzea izanen da bi etxarriarren egitekoa. Horretaz gain, Caisse d´Epargneko Hiriberriko Imanol Erbiti ere Portugalen ariko da, Mallorcako Challengetik bueltan, bere taldekideei laguntzen. Ikusmin handia piztu du Algarveko itzuliak, bertan tropeleko onenak eta izar handiak egongo direlako. Tartean Algarveko iazko garaile Alberto Contador (Astana), egun Radio Shacken dauden bere lankide ohiak (Leipheimer, Klöden eta beste), David Millar (Garmin), Joaquim Rodriguez, Vladimir Karpets eta Robbie MacEwen (Katusha), Thor Hushovd (Cerveló), Manuel Cardoso (Footon-Servetto), Luis Leon Sanchez (Caisse D´Epargne) eta André Greipel (Columbia). Gaur Mallorcako Challengeko azken etapa jokatuko da, Magaluf eta Palmanova artean, 158 kilometrokoa. Atzoko etapa, Deiá Trofeoa, Caisse d´Epargneko Rui Costak irabazi zuen. Euskalteleko Gorka Verdugo 75.a izan zen, 8:02ra, eta Caisseko Imanol Erbiti kontrolez kanpo sartu zen. Aipatzekoa da Euskalteleko Jorge Azanza Challengean partea hartzen hasi zela, baina ahoan infekzio larria izan zuenez, antibiotikoen tratamendua jarri zioten eta lasterketa utzi behar izan zuen. Burunda Txirrindularitza Klubeko taldeen aurkezpenaBurunda Txirrindularitza Klubak 2010eko taldeen aurkezpena eginen du larunbatean, otsailaren 13an 12:00etan Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Ondoko taldeen aurkezpena izanen da: Rural Kutxa afizionatuak (elitezkoak eta 23 urtez azpikoak), Rural Kutxa juniorrak, Auto Talleres San Migel kadeteak eta Katealde-Carburantes Azazeta eskola.