Irurtzun aurrera baina Aldabide bidean

Guaixe 2010eko otsailaren 11

VII. Berria Txapelketan iritsi zen zerrendaburuak lehiatzen hasteko txanda. Eta hain zuzen txapelketan ariko diren bi talde sakandarrak sartu ziren lehian. Arbizuko Aldabidek etxean jokatu zuen, larunbatean, Andoaingo Gaztelekuren kontra. Eta Hernanin aritu zen Irurtzun, Amurrioren kontra. Bada, Aldabidek ezustea eman zuen, Gaztelekuren kontra galduta, eta Irurtzunek sekulako lana egin behar izan zuen aurrera egin eta Amurrio bidean uzteko. Aldabide 1 (46) - Gazteleku 2 (52)Kadeteak: Murgiondo-Andueza 15 - Jauregi-Tolosa 22Gazteak: Jaka-Karasatorre 9 - Irastorza-Ulanga 22Seniorrak: Ezkurdia II.-Lukin 22 - Eskudero-Erreka 8Andoaingo Gaztelekuk ustekabea eman zuen lehenengo bi partidak irabazita. Kadeteen lehia izan zen onena, eta ordubeteko partidan lau pilotariak oso ongi aritu baitziren. Hasiera orekatua eta gero tarte politak ireki zituzten gipuzkoarrek. Atzean Tolosa izan zen gehiago eta Jauregik min handia egin zuen aurrean. Nahiz eta Aldabidekoek susperralditxoa izan, Andoaingokoek aldeari eusten jakin izan zuten. Gazteen mailan gauzak oso estu hasi ziren (4-6 eta 7-11). Karasatorre nagusi izan zen atzean, baina Ulanga ere fin ibili zen, eta aurreko koadroetan Irastorza Jaka baino gehiago izan zen. Baina Jakak min hartu zuen 8-16koan eta hor joan zitzaien partida. Seniorren partidan gipuzkoarrek nahikoa zuten bi tanto egitearekin, baina hala ere urduri atera ziren. Ezkurdia II.a eta Lukin izan ziren jaun eta jabe, eta nahiz eta aurrera egiterik ez zutela jakin, dena eman zuten, 22-8 gailenduz. Tamalez, Aldabide bidean gelditu da eta Gaztelekuk egin du aurrera. Irurtzun 2 (58) - Amurrio 1 (51)Kadeteak: Ansa-Otamendi 14 - Goikolea-Urretxo 22Gazteak: Barberena-Beraza 22 - Dorronsoro-Legarreta 11Seniorrak: Ollo-Zabaleta 22 - Jauregi-Garcia 18Irurtzun faborito argia zen, baina lanak izan zituen Amurrio kanporatzeko. Kadeteetan nagusi izan ziren arabarrak. 3-11 aurreratu ziren, eta nahiz eta irurtzundarrak 11na berdindu, hortik aurrera Amurriokoak nabarmendu ziren, Goikolea bereziki, partida irabaziz. Gazteen partida ez zen apartekoa izan. Berazak atzean agindu zuen eta Barberenak min handia egin zuen saketik. Legarretak, eskuko minez, ezer gutxi egin zuen eta Dorronsorok arriskatu behar izan zuen. Aldea handia zen eta Irurtzunek irabazi eta berdintzea lortu zuen. Seniorren partidan erabaki zen dena. Partida polita izan zen, pilotarien maila ere handia zelako. Amurriokoak aurreratu ziren baina Irurtzungoek berdintzea lortu zuten Zabaletaren lanari esker. Hortik aurrera oso paretsu ibili ziren. Zabaleta gehiago izan zen atzean baina Garciak ongi eutsi zion, eta aurrean Ollo Jauregi baino hobeto aritu zen. Kostata, irabaztea lortu zuten irurtzundarrek eta Berria txapelketan aurrera egitea. Euren arerioa Aldabide irabazi duen Andoaingo Gazteleku izango da, martxoaren lehenengo asteburuan. Final sakandarra MalerrekanAtzo Malerrekako txapelketako 22 urtez azpiko finalerdiak jokatu ziren Beran. Lehen partidan, Eskudero eta Leundari 12-22 irabazi zieten Aldabideko Joseba Ezkurdiak eta Lukinek. Eta bigarren finalerdian, Otamendiri eta Ieregiri 14-22 irabazi zieten Aldabideko M. Ezkurdiak eta Arañak. Beraz, Malerrekako Pilota txapelketako 22 urtez azpiko finala sakandarra izango da erabat, eta gainera bi anai, Ezkurdiatarrak, elkarren kontra ariko dira. Hortaz, lehia eta ikuskizuna ziurtatuta dago. Berria txapelketatik kanpo geratu eta gero, albiste ona da hau Arbizuko Aldabide pilota taldearendako.