Chinako Kongur mendiaren berri ekarriko du Koldo Arnanzek

Guaixe 2010eko otsailaren 11

Koldo Arnanz artista eta mendizale altsasuarrak bere ibilbidean atzera egiteko aukera izango du, bihar, otsailaren 13an, larunbatean, 1987an Txinako Kongur mendira egindako espedizioa ekarriko baitu gogora. Diapositiba emanaldia Altsasuko Iortia Kultur Gunean izanen da, 19:30etik aurrera. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatu du ekitaldia, mendiari lotutako ikus-entzunezkoen zikloaren barruan.Kongur mendia (7.719 metro) Txinan dago, Karakorumeko atzealdean, K2 zortzimilakoaren ondoan. Oso mendi konplikatua da. Horren isla da soilik Ingalaterrako espedizio batek lortu duela Kongurreko punta zapaltzea, sir Chris Bonington mendizale ezaguna buru zuen espedizioak hain zuzen. Atzetik egon diren saiakera guztiek - - Koldo Arnanzena barne - ez dute helburua lortu. Mendi zaila, soilik espedizio batek zapatu du gailurra "Euskal espedizioa zen gurea, eta hasiera batean 2 gipuzkoar, 3 bizkaitar, bi arabarrek eta nik osatu behar genuen taldea, baina azkenean, aurrekontu kontuengatik lau mendizalek hartu genuen Kongurrerako bidea: hiru bizkaitarrek eta nik" dio Koldo Arnanzek. Orduan 26 urte zituen altsasuarrak eta Aconcagua (6.959 metro) igoa zuen eta bi alditan izan zen Bolivian, 6.500 metro inguruko mendiak igotzen. Salto handia izan omen zen 7.719 metro zituen mendiko espedizioa. "Esperientzia gogorra izan zen. Ez genuen mendiari buruzko informazio handirik, soilik espedizio batek egin baitzuen gailurra, eta gainera beste garai batzuk ziren, 20 urte baino gehiago pasa dira! Orduan ez zegoen mugikorrik eta gogoratzen dut bi hilabete eta erdi egon ginela erdi deskonektatuta, familiarekin hitz egiteko aukerarik gabe. Azkenean Pakistanera pasa ginen eta orduan deitu ahal izan genuen etxera" oroitzen da Koldo. Kongurreko espedizioari dagokionez, ez zuten gailurra zapaltzea lortu. 7.100 metro ingurura igotzea lortu zuten, baina denetatik gertatu zitzaien: espedizioko kideetako bat erori zen eta beheraino jaitsi behar izan zuten, atzera ere gora egin zuten igoera egiteko baina eguraldia okertu egin zen eta denbora bukatzen zitzaien... "Dena den esperientzia gogorra izan zen baina aldi berean polita. Mendi horrek teknikoki zailtasun asko dauzka eta goiko aldea nahiko gogorra da. Soilik aldi batean igo zenez, informazio oso gutxi zegoen eta akaso zailtasun gogorrenak ez genituen lotu. Ordutik ere Kongur igotzeko saiakerak egon dira baina ez du inork lortu" dio Altsasuko mendizaleak. Kongurreko espedizioko diapositibak jarriko ditu Koldok bihar Iortian. "Hasiera-hasieratik jendeak nahi dituen galderak egin ahal ditu. Nahiago dut emanaldi interaktiboa izatea, dinamikoa" gaineratzen du. Atzera egiteko primerako aukera izango du Koldo Arnanzek, are gehiago dituen oroitzapenak politak direlako.