Irudimena lantzeko unea

Guaixe 2010eko otsailaren 16a

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta, atzera ere, hemen dira Maria Markotegi Sariak, Sakanako Eskolarteko Literatur Lehiaketa. Haren bidez, Mankomunitateak irudimena astintzera animatzen ditu bailarako ikastetxeetako ikasleak. Horretarako, hiru aukera izanen dituzte ikasleek: narrazioa, komikia eta poesia. 1.800 euro banatuko dira saritan. Zaharrak berritzen Eskolarteko literatura eta komiki lehiaketak ibilbide luzea du Sakanan. Irudimena lantzen izenarekin, 18 ediziotan saritu dira literatur lanak eta bi gutxiagotan komikiak. Urtebeteko atsedenaren ondoren, iaz izen berriarekin itzuli zen Sakanako Eskolarteko Literatur Lehiaketa; Etxarriko idazlea gogoan, Maria Markotegi izena hartu zuen lehiaketak. Aurten ere nobedadea dakartza sariketak; narrazioak eta komikiak ez ezik, lehen aldiz poesia lanak ere sarituko ditu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Modalitate batean nahiz bestean, haur eta gaztetxoen euskarazko sormena indartu nahi du Sakanako Mankomunitateak. Ezaugarriak Sakanako Eskolarteko Literatur Lehiaketak hiru sail ditu: narrazioa, poesia eta komikia. Horietako bakoitza lau kategoriatan bereizten da: LHko 5. eta 6. mailako ikasleena, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleena, DBHko 3. eta 4. maila eta Batxilergoa eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Ikasle bakoitzak gehienez ere lan bana aurkez dezake sail bakoitzean; beti ere, bakarka egindakoak. Lanak orijinalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Gaia librea da. Ez dira bertsopaperak onartuko. Lanen luzerari dagokionez, LHko 5. eta 6. mailako ikasleek gutxienez orrialde bat idatzi beharko dute eta gainerakoek gutxienez hiru. Literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira. Komikiak, berriz, zuri-beltzean edo koloretan aurkeztu daitezke, beti ere, Din A4 tamainan. Lanak aurkezteko epea martxoaren 20an, 15:00etan, bukatuko da. Sakanako Mankomunitateko erregistroan aurkeztu behar dira, Lakuntzan. Ikastetxeek aurkeztuko dituzte, ikasleen izenean. Lanak goitizen batez izenpetuko dira. Aparteko gutun-azal batean egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa, ikastetxea, maila eta adina) orri batean idatzirik. Gutun-azalaren kanpoko aldean garbi adierazi beharko dira honako hauek: lanaren izenburua, egilearen izengoitia, saila eta kategoria. Argibide gehiago behar dituenak Sakanako Mankomunitatera jo dezake, 689 029 778 telefonora edo arakil.euskara@sakana-mank.com helbidera. Sariak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 1.800 € banatuko ditu lan onenak saritzeko. 24 sari banatuko dira guztira, sail bakoitzean 8. Kategoria bakoitzeko bi lan onenak sarituko dira. Horiek bakarrik ez, parte hartzaile guztiek jasoko dute oparitxoa, lehiaketaren helburua euskarazko sormen literarioa sustatzea baita. LHko 5. eta 6. mailetako ikasleak     1. saria 50 €     2. saria     40 € DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak     1. saria     70 €     2. saria     60 € DBHko 3. eta 4. maila    1. saria  90 €     2. saria  80 € Batxilergo eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak        1.saria    110 €     2. saria     100 € Maria Markotegi Etxarriko idazleak zenbait lan idatzi zituen eta horietako batzuei esker sari prestigiotsuak jaso zituen. Zenbait aldizkaritan kolaboratzaile izan zen, besteak beste, GUAIXE aldizkarian. 2005ean argitaratu zuen Mariak bere azken lana, Zezilia, Samuel eta barraskilo kalakaria. Haren bidez haurrei gertutik ezagutzen zuen gaixotasunaren berri, minbiziaren berri, ematen saiatu zen. 2005eko abenduan hil zen Etxarri Aranatzen, 42 urte zituela.