Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hamar urte betetzen ditu aurten Tximeleta plaza taldeak. Hamar urte herriz herri, plazaz plaza, Euskal Herriko hainbat txoko alaitzen. Taldeak modu berezian ospatu nahi izan du urtemuga: bi abesti sortu eta grabatu dituzte. Batean eta bestean banatzen ari dira haien lanaren emaitza. SortzailePlaza taldea da Tximeleta eta, beraz, bolo-bolo dabiltzan abestien bertsioak jotzen dituzte gehienetan. Hamar urteko ibilbidean, batek baino gehiagok faltan bota du taldearen disko bat. Baina taldeko Mikel Mundiñanok Beleixe irratian esan zuenez, "abesti propiorik ez edukita, ez zaigu egokia iruditu grabazioak egitea". Taldearen 10. urtemuga bete den honetan ordea, hutsune hori bete nahi izan dute. Horrela sortu dira Elkartasun hondartza eta Etxerat abestiak. Fertxu Izkierdo poeta nafarrak egin du lehenengoaren letra eta bigarrena Xabier Silveirak. Nafarroako Errepresioaren Urtekariarekin batera banatu dira, bideoklip eta guzti. Gainera, 500 kopia gehiago egin ditu taldeak. Orain horiek banatzen ari dira da herriko tabernatan, irratietan eta ezagunen artean. EzaugarriakUrte borobilean jaio zen Tximeleta taldea, 2.000 urtean. Aurretik hainbat taldetan aritutako musikariek sortu zuten taldea. Plaza taldeetan ohiko diren bateria, baxua, gitarra eta teklatuek osatzen dute taldea. Eta gaita edo txirula bezalako instrumentu tradizionalak ere tartekatu dituzte. Baina ezin taldea ulertu Mikel Mundiñano etxarriarraren trikitixarik gabe. Alaitasun berezia ematen die doinuei. Maider Ansak, Josu Erbitik, Fabian Tapiak, Rafa Moyak eta Joxe Olaizolak osatzen dute taldea. Errepertorio zabala eta askotarikoa du taldeak, adin guztietarako egokia. Mejikanak, kalejirak, fandangoa, folk doinuak trikitixa eta gitarra elektrikoaz uztartuta, pop kantak, rock talde nagusien bertsioak eta abar jotzen dituzte. Plaza taldeetan ohiko den bezala, abesti ezagunen bertsioak egiten dituzte gehienetan. Aurrerantzean haiek sortutako bi abestiak gehituko dituzte errepertoriora. www.myspace.com/tximeletaweb orrian entzun daitezke Tximeleta taldearen abesti berriak.