Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elurteak asteburuan jokatzekoa zen futbol jardunaldia atzeratu egin du. Aurtengo denboraldian hirugarren aldia da elurrarengatik partidak bertan behera gelditzen direna, eta atzeratutako lehiak jokatzeko datak topatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio Nafarroako Futbol Federazioari. Preferente mailan Lakuntzako Lagun Artea Iruñean aritzekoa zen, San Jorge taldearen kontra. Preferenteko partida guztiak atzeratu egin ziren, Amigo eta Amayaren artekoa izan ezik, eta hortaz, sailkapenean ez dago apenas aldaketarik. Ardoi da lider, 40 punturekin, eta Lagun Artea bigarrena, 39 punturekin. Igandean etxean jokatuko du Lagun Arteak, 16:00etan, 33 punturekin bosgarrena den Subiza taldearen kontra. Ea lakuntzarrek irabazi eta goiko postuari eusten dioten. Eta Erregional mailako hirugarren multzoan bi partida izan ezik gainerakoak atzeratu egin ziren, tartean Urbasak eta Etxarri Aranatzek Zudairen jokatu beharrekoa. Sailkapenean Etxarri Aranatzek jarraitzen du lider, 43 punturekin. Iruña da bigarrena, puntu berberekin. Iruñak 2-0 irabazi zion Mutilberari eta horregatik puntutan berdinduta daude Etxarri eta Iruña. Larunbatean sailkapenean hamaikagarrena den Gazte Berriak izanen du aurkari Etxarrik. Ea lidergoa mantentzen duen. Bestalde, elurrak Elomendiko Futbol Txapelketako jardunaldia bertan behera utzi zuen.