Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Zortziko Sokatira Txapelketan, emakumezkoen 500 kiloko txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen Iruritan. Aurreko asteburuan Ezpeletan jokatutako lehen jardunaldiaren kalkoa izan zen Iruritakoa, Gasteizko Badaiotzek nagusitasunez irabazi baitzituen jokatutako hiru txandak. Sakanak ez zuen arazorik izan Lesakako Beti Gazte eta Ibarra mendean hartzeko, baina Badaiotzen kontra ezin izan zuen. Hortaz, bigarren postuari eutsi zioten. Eta Beti Gaztek eta Ibarrak tiraldi bana irabazi zioten elkarri. Hortaz, sailkapen orokorrean Badaiotz taldeko neskak dira buru, 8 punturekin. Sakanakoak bigarrenak dira, 6 punturekin, eta Beti Gazte lesakarrak hirugarrenak, 3,5 punturekin. Ibarrak ixten du sailkapena, 2,5 punturekin. Emakumezkoen 500 kiloko txapelketa larunbatean erabakiko da, Arrigorriagan 17:00etan jokatuko den hirugarren eta azken jardunaldiarekin. Sorpresarik ezean Badaiotzek jantziko du txapela eta Sakanako neskak txapeldunordeak izango dira, baina horretarako jardunaldia ahalik eta hobekien prestatu behar da eta lanbide horretan murgilduta dabiltza gure neskak. Ea zortea alde duten.