Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo abiatu zen Portugalgo Algarveko itzulia. Izarrez betetako edizioa izango da aurtengoa, tartean baitaude Contador etaVinoukurov (Astana) Leipheimer, Kroden (Radio Shack), Millar (Garmin), Luis Leon Sanchez (Caisse d´Epargne), Greipel (Columbia), McEwen (Katusha), Devolder (Quick Step), Boom (Rabobank), Cardoso (Footon), Hushovd (Cervelo), Samuel Sanchez (Euskaltel)... Eta guztien artean hiru sakandar, Euskalteleko Egoi Martinez eta Gorka Verdugo eta Hiriberriko Imanol Erbiti. Atzo lehen etapa jokatu zen, Loulén hasi eta Albufeiran despeditu zena, 157 kilometrokoa, eta aurreikusi moduan esprintean erabaki zen lehia. Helmugan Horrach eta Greipel aurreratu zituen Vaugrenard frantziarrak. Gorka Verdugo 65.a izan zen, Imanol Erbiti 86.a eta Egoi Martinez 97.a, hirurak 5 segundora. Gaur Sagres eta Lagos arteko 207 kilometroko etapa dago jokoan. Esprinterrendako egokia da etapa hau, baina haizeak gogor joko duela iragarri dute eta abanikoak edo haize mozketak gerta ahal direnez, adi egon beharko dute esprinterren taldeek. Algarveko Itzulia igandean despedituko da, erlojupekoarekin.