Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak sustatutako programa da Iturraskarri. Helburua bikoitza du, batetik, herrien ondarea mantendu eta hobetzea, eta, bestetik, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei zenbait lan edo ogibideetan prestakuntza eskaintzea. Babestutako gizarte laneko programaren bitartez iaz zazpi pertsona kontratatu ziren Iturraskarrin aritzeko (bederatzi gehiago udalen esanetara aritzeko). Begirale baten laguntzaz, igeltsero lanak egin zituzten batez ere. Hala, Egiarreta, Zuhatzu eta Arruazuko labaderoak berritu zituzten. Irañetan, frontoiaren atzeko aldean, merendero bat prestatu zuten eta zubirako bide bazterrean zegoen aska berreskuratu zuten. AurtenIaz bezala, aurten ere, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Iturraskarri programa martxan jarriko du. Oraindik guztia lantzen ari badira ere, aurreratu dute zazpi bat pertsona ariko direla lanean, sei hilabetez. Programako arduradunen asmoa da aurten pertsona horiek igeltserotza lanekin batera lorezaintza lanak egitea. Arakil, Irurtzun, Irañeta eta Arruazun lan egitea aurreikusten da. Iturraskarriren iazko eta aurtengo aurrekontua 105.979,89 eurokoa da. Cederna-Garalurrek 60.000 euroko diru-laguntza emanen dio programari. Gizarte Gaietarako Departamentuak bi urtetan 18.000 euro eman ditu, begiraleak kontratatu ahal izateko. LehiaketaIrurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak aste honetan jakin du Iturraskarri egitasmoa atzerrian ere ezagun eginen dela. Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen Jardunbide Egokien Nazioarteko VIII. lehiaketan parte hartzeko gonbitea jaso du. Hautatua izateagatik, Etxebizitza Ministerioak argitaratuko duen Jardunbide Egokien VIII. Espainiar Katalogoan Iturraskarriren berri emanen dute. Nola iritsi den Arakil aldeko programa Nazio Batuen Erakundera? Nafarroako Gobernuak dagoeneko saritu zuen Iturraskarri programa duela urte eta erdi. Lehiaketa hark Comité Hábitat Español Iturraskarriren berri izatea ekarri zuen. Eta hark bideratu ditu programako arduradunak nazioarteko lehiaketara.