Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ihabarko Sociedad Hermanos Irurtzun eta SAT Oller, Irañetako SAT Mendi txuri eta Etxarri Aranazko Berroeta dira esne biltzaile bila dabiltzanak. Orain arte esnea bildu dien Capsa taldeak aurreko hilean jakinarazi zien martxoaren 31tik aurrera ez diela esne gehiago bilduko. Capsak Central Lechera Asturianarekin merkaturatzen du esnea. Sakanako 4 esne-ekoizle eta Nafarroako beste 42ri ere eragiten die erabakiak, guztien artean 225.000 litro esne astean. Ihabarko David Erbitik azaldu digunez, "aurten ez omen dute esne-hautsik egin nahi. Guk uste dugu haien bilketa eremutik urrun gelditzen garelako hartu dutela erabakia". Susmoa berretsi du Migel Arbizu etxarriarrak. Beste ateetan jotzen hasiak dira, baina ezezkoak jaso dituzte, "nahikoa esne badutela erantzun digute", diote Davidek eta Migelek. Martxoa akabera bitartean bilketarena bideratzen ez bada ustiapenak ixteko aukera dagoela azaldu digu ihabardarrak. Davidek azaldu digunez, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri dira, baina oraingoz "ez dakigu ezer, itxaron beharra dago". Garai batean Berroetako esnea poltsetan saldu zela gogora ekarri diogu Migeli, baina horretarako "jende asko eta inbertsio handia" behar direla nabarmendu digu. Okerrenean hori; eta esnea zeinek bildu opatuz gero, prezioa begiratu beharko dute. Davidek azaldu digunez, "egungo prezioa (28/29 zentimo litroko) ez da justua. Nahi dutena ordaindu eta esnea eramateagatik eskerrik asko esan beharrean gaude". Kostuetatik beherako esnea saltzen ari direla azaldu digu Migelek, "nik uste Sakanan esne litroaren kostua 0,36 zentimo litroko dela". Eta gogora ekarri dute duela urte batzuk Sakana, Ultzama eta Larraungo 25 bat ekoizlek esnea denek batera saltzea erabaki zutela, "prezio hobeak lortzeko". Baina badira urte batzuk prezioak mantendu dizkietela. Migelek dioenez, "gaizki gaude, kili-kolo. Hainbeste lan... Gainera dena multinazionalen esku dago".