Haur eskola, heldu den urteko irailerako

Guaixe 2010eko otsailaren 18a

Olatzean 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako zentroa eraikitzen ari dira Lakuntzako eta Arbizuko Udalak. Arbizuko alkate Josu Miren Mendinuetak jakinarazi digunez, zentroak "heldu den urteko irailean zabalduko ditu ateak". Espero baino urte bat beranduago. Arrazoia galdetuta, Mendinuetak azaldu digu "Nafarroako Gobernuak halako zentroetarako 1,2 milioi aurreikusi zituen iaz. Horien erdia aurten eman du eta beste erdia heldu den urtean. Gu erreserban utzi gaituzte. UPNren eta PSNren arteko hitzarmenaren bidez Erriberako lau herrietan eginen dituzte aurten". Arbizuko alkateak azaldu digunez, "kreditua hartzea ere aztertu dugu. Baina horrek lanak, matrikulazioa eta guztia azkartzea ekarriko luke". Azkenik, bi udalek zentroa heldu den urtean zabaltzea erabaki dute. Bitartean, lanak despeditu eta kudeaketa mota aztertuko dute. Lana egiteagatik 1.031.733 euro (BEZ barne) jasoko ditu Irumendi enpresak. Lanen %80 Arbizuko Udalak ordainduko du eta % 20a Lakuntzako Udalak. Gobernuaren diru-laguntzarekin bi udalak eraikuntzaren %65 ordaintzea espero dute. Arbizuko Udalak iazko aurrekontuan lanetarako 800.000 euroko diru-saila bideratu zuen. Eraikina jaso ondorengo gastuak bi udalek erdi bana ordainduko dituzte. ZentroaEraikinak 900 metro karratu baino gehiago ditu. Hiru modulu izanen ditu: 0 eta 1 urte bitarteko haurrendako, 1 eta 2 eta 2 eta 3 urte arteko haurrendako beste bana. Modulu bakoitzak bere komuna eta logela izanen du. Horretaz gainera, zentroan honakoak izanen dira: psikomotrizitate gela, jangela, sukaldea, biltegia, bilera gela, gordailua, langileen aldagelak eta galdara gela. Eraikinaren azpian mila metro karratuko sotoa eraiki du Arbizuko Udalak.