Eskaintza berritua Lanbide Heziketa institutuan

Guaixe 2010eko otsailaren 25a

Asteazkenean Altsasuko Lanbide Heziketa (LH) institutuko arduradunek eta ibarreko hainbat erakunderen ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten ikastetxearen eskaintza akademikoa azaltzeko. Orain arte eskaini dituen gradu erdiko soldadura eta galdaragintza, mekanizatu eta mantenu ikasketei berritasunak gehitu zaizkie. Izan ere, heldu den ikasturtetik aurrera industria ekipamenduaren mantenuko goi zikloa eskainiko du. Institutuko zuzendari Iñaki Urbitartek esan zuenez, "goi ziklo hori ikastetxeak aspaldi egindako eskaera bat da". Urbitartek zehaztu zuen goi zikloa ez zela soilik mutilendako eta nabarmendu zuenez "ikasketa erakargarriak dira. Mantenua, prebentzio planak, kalitatea eta beste arlo batzuk hartzen ditu. Gainera, irteera profesionala du". Urbitartek gogorarazi zuen ere enpresek "gero eta prestakuntza hobea duten pertsonak" eskatzen dituztela.EsanakMigel Angel Zubiria (Sakanako Mankomunitateko presidentea) "Gazteak izena ematera animatu nahi ditut. Kalitatezko prestakuntza lortuko dute". Bienvenido Gallego (UGT)"Gero eta LH hobea izatea komeni da. Dauden eta etorriko diren enpresek zer prestakuntza dagoen kontuan hartzen dutelako". Vicente Claver (Enplegu bulegoa)"Institutuak Sakanako eta inguruko eskualdeetako ikasleak erakarri behar ditu". Francisco Lopez de Alda Arrese (Sakanako Enpresarien Elkartea)"Enpresak institutua indartzearen alde daude. Hezkuntza Departamentuari elkarlanerako proposamena egin diogu. Bestalde, eskaera badago kanpoan ikasten ari diren sakanako ikasleak ibarrean praktikak egiteko eskatu dugu. Hemen bizi daitezen". Beste eskaintzaLanbide Heziketa institutuak soldadura eta galdaragintzan aritzen diren langileek dituzten ezagutzak kreditatzeko eta ebaluatzeko programa jarri du martxan, "Nafarroan erreferentea dena". Horrekin batera, DBH gainditu ez duten ikasleei zuzendutako hasierako prestakuntza profesionaleko programa eskaintzen du. Hura egiten duten ikasleek soldadurako lehen maila lortzen dute. Ateak zabalikMartxoaren 3an, asteazkenean, 16:00etatik 21:00etara sakandar guztiak gonbidatuak daude institutua bisitatzera. Aste honetan ibarreko ikastetxeetako ikasleak izan dira bisitan. Argazkian: Francisco Lopez de Alda Arrese (SEE); Vicente Claver (NEZ); Juanjo Goikoetxea (Altsasuko Udala); Iñaki Urbitarte (Institutuko zuzendaria); Migel Angel Lopez (institutuko ikerketa burua); Bienvenido Gallego (UGT); Migel Angel Zubiria (Sakanako Mankomunitateko burua).