Gobernuaren kultur eskaintza berria

Guaixe 2010eko otsailaren 23a

Nafarroako Kultura Kontseiluak berriki onartu ditu 2010erako kultur arloko lan ildoak. Zenbait aldaketa izanen ditu aurtengo kultur egitarauak. Joan zen hilabetean aurreratu genuen bezala, bertan behera geratuko dira zenbait ziklo, Udaberriko eta Udazkeneko Birak eta Herriz herri programa esaterako. Baina badira programa berriak ere. Sakanako herriak horietako batzuen hartzaile izan daitezke. Sustapen programakNafarroako Gobernuak Erreferentziazko Programak, Sustapen Programak eta Sormen Programak ezberdindu ditu. Sakanara Sustapen Programak iritsiko dira, batez ere. 15 programek osatzen dute atal hau eta erdiak berriak dira. Haien bidez, Nafarroako Gobernuak herrialde osoan zabalduko ditu kultura adierazpen ezberdinak. Antzerkia, musika, dantza, arte grafikoak, zinea... eskaintza zabala da. Programa batzuk Antzoki Sarearen bidez zabalduko dira. Besteak beste, Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Olatzagutiako kultur etxeak eta Altsasuko kultur gunea daude sare horretan. Bestelako kultur aretoetara edota horiek ez dituzten herrietara ere iritsiko dira kultur jarduerak. Programa horietan protagonismo berezia izanen dute Nafarroako artistek.