Contadorrendako Algarveko Itzulia

Guaixe 2010eko otsailaren 22a

Atzo despeditu zen Portugaleko Algarveko Itzulia, Lagao eta Portimao arteko 17 kilometroko erlojupekoarekin. Caisse d´Epargneko Luis Leon Sanchez izan zen azkarrena (21:32), Astanako Alberto Contadorri 13 segundoko aldea atereaz. Baina Pintoko txirrindularia ez da esku hutsik itzuli, bera izan baita nagusi sailkapen orokorrean, Algarveko Itzulia bereganatuz eta denboraldiko bere debutean garaile suertatuz. Hain zuzen ere, Luis Leon Sanchezen aurretik gailendu da Contador, 30 segundoko aldea atereaz.  Aipatzekoa da Caisseko Hiriberriko Imanol Erbitik lan txalogarria egin zuela erlojupekoan, bederatzigarrena sailkatu baitzen, 44 segundora. Horretaz gain larunbateko etapan ihesaldi onean sartu zen Erbiti Euskalteleko Egoi Martinezekin batera. Erbiti hirugarrena izan zen helmugan eta Egoi bosgarrena. Sailkapen orokorrean Imanol Erbiti 30.a izan da, 2:58ra. Egoi Martinez 55.a izan da, 7:51ra eta Gorka Verdugo 61.a, 9:45era.