Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostegunean hasi eta igandean despedituko da goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketa. Italian jokatuko da, Cesenatico herrian. Euskal Herriko taldeak kluben arteko txapelketan ariko dira, ostegunean eta ostiralean. Larunbatean eta igandean nazioen arteko txapelketa jokatuko da eta hor ez dira euskal taldeak ariko. Gizonezkoetan Euskal Herriko bost talde ariko dira - Abadiño A eta B, Amaiur, Ñapurrak eta Sokarri - eta emakumezkoetan hiru: Gasteizko Badaiotz, Lesakako Beti Gazte eta Sakana. Sakanako neskek astearte gauean joko dute Madrilera eta asteazkenean, goizeko bederatziak eta hogeietan, Bolognarako hegaldia hartuko dute. 11:30 inguruan iritsiko dira bertara. Eta asteazken arratsaldean bertan taldeen pisaketa eginen dute, ostegunean 540 kilokoan eta ostiralean 500 kilokoan sartzen baitira lehian. Zortzi tiralariz osatutako taldea aurkeztuko du Sakanak. Nerea eta Belen Lizarraga ahizpak dira taldeko beteranoenak. "Esan dezakegu taldea hasi berria dela, urte batetik bestera aldaketa handiak izan baitira. Horregatik esperientzia hartzea eta taldea sendotzea kostatu zaigu, baina oso kontentu gaude Euskal Herriko txapelketan egindako lanarekin. Txapelketan sartzea kosta zitzaigun, urduri geunden, baina astero-astero asko aurreratu dugu eta konfiantza hartu dugu. Badaiotzen atzetik bigarrenak izan gara eta kontentu gaude" dio Nerea Lizarragak. Horregatik oso animatuta doaz Italiara. "Ez dakigu munduko txapelketa nola joango den eta zer egingo dugun baina animuekin gaude eta uste dut paper ona egingo dugula. Konfiantzarekin gaude" gaineratzen du. Oraindik ez dakite zenbat talde ariko den lehian. Italiara iritsita jakingo omen dute zein talde diren. Entrenatzaile lanetan Nerea eta Belen moldatu beharko dira, lan kontuengatik Euskal Herriko txapelketan izan duten entrenatzaileak ezin baitu Italian egon. Alde horretatik lasai daude. "Nolabait moldatuko gara" dio Nereak. Txapelketaren berri hurrengo asteko Guaixean emango dugu. Sakana taldeko tiralariakBelen eta Nerea Lizarraga (Arbizu), Maitane Ezkurdia (Arbizu), Naiara Mundiñano (Etxarri Aranatz), Oihane Etxeberria (Arbizu), Arantxa Serrano (Arbizu), Maialen Ansorena (Irurtzun), Aitziber Biurrun (Iruñea) eta Garazi Retegi (Altsasu). Ibarra taldetik bi tiralari ariko dira Sakanakoekin: Miriam Elortza eta Onintza Iraola. Eta Aiora Barandalla laguntzaile lanetan eta Saioa Arce masajista lanetan ariko dira. Bigarrenak Euskal Herriko 500 kilokoan Larunbatean Euskal Herriko Soka Gaineko Zortziko Txapelketako emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen Arrigorriagan. Lau talde aritu ziren: Badaiotz, Beti Gazte, Ibarra eta Sakana. Gasteizko Badaiotz taldeko neskek ez zuten beheraldirik izan, eta txapelketa guztian bezala, azken saioko txanda eta tiraldi guztiak irabazi zituzten eta azken urteotan bururatutako txapelari eutsi zioten, meritu guztiz (12 puntu). Sakanako neskak txapeldunordeak izan dira. Badaiotzen kontra galdu baina Lesakako Beti Gazte eta Ibarra irabazi dituzte (9 puntu). Beti Gazte izan da hirugarrena (5,5 puntu) eta Ibarra laugarrena (3,5 puntu), tiraldirik irabazi gabe.