Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau txirrindulari afizionatu sakandar ariko dira: Jon Irigoien urdiaindarra eta Andoni Palomino altsasuarra Rural Kutxan, Eneko Otxagabia lakuntzarra Telcon eta Mikel Astiz ihabartarra AzysanAsteburuan hasiko da afizionatuen 2010eko denboraldia. Bi lasterketa daude. Larunbatean II. Zumaiako Saria jokatuko da, Euskaldun Torneorako baliagarria. 112,5 km izanen ditu eta goizeko 9:30ean abiatuko da. Eta igandean 23 urtez azpikoak Soraluzeko XIII. Saria dute jokoan, 116 km dituena eta goizeko 9:45ean abiatuko dena. Hortaz, errepidera ateratzeko sasoia heldu zaie afizionatuei. Rural Kutxa talde sakandarra bete betean ariko da lanean, iazko denboraldi bikaina errepikatzeko prest. Gainera, aspaldiko partez, aurten bi txirrindulari sakandar izango ditu: Burunda klubeko gazteen mailatik igo diren Jon Irigoien urdiaindarra eta Andoni Palomino altsasuarra. Eneko Otxagabia lakuntzarrak Telco taldean jarraituko du eta Mikel Astiz ihabartarra Azysan ariko da. Ea lau sakandarrei ongi doakien hastear dagoen denboraldia. Denboraldia hastearekin batera martxan jarriko dira txapelketa ezberdinak. Tartean Vasconavarro egutegikoak - Euskaldun Torneoa (23 urtez azpikoak eta eliteak), Lehendakari Txapelketa (19 eta 20 urteko txirrindulariak) eta 23 urtez azpiko Torneoa - eta Citroën San Migel Challengea. Azken honek txirrindulari nafarren lana puntuatzen du, eta bertan 100 lasterketa hartuko dira kontuan, Vasconavarro egutegiko 65 proba eta Espainiako egutegiko 35. Iazko txapelduna Javier Iriarte izan zen. Bestalde, Nafarroako txapelketa, Euskadiko txapelketa, Espainiako txapelketak eta beste lasterketa garrantzitsuak daude aurtengo denboraldian: Arabako Hiru Egunak, Bidasoako itzulia, Bizkaiko Bira, Nafarroako Txapelketa eta beste. Taldeei dagokienez, guztira 14 talde lehiatuko dira Hegoaldean: Nafarroako bost, Gipuzkoako eta Bizkaiko launa eta Arabako bat. Sakanako Rural Kutxa, Lizarte eta Azysa indarberritu dira. Azken talde horretan ariko da Mikel Astiz ihabartarra. Rural Kutxako Alejandro Hernandezek goi mailako taldea du, bai eliteetan eta bereziki 23 urtez azpikoan. Delgado, Etxeberz, Romero, Airan Fernandez, Filgueira, Yelco Gomez... aipatzekoak dira. Irigoien eta Palomino sakandarrek talde lana eginen dute. Eta Telco eta Latorrek ere gogoz prestatu dute denboraldia. Telcon Kneppers liderra izango da eta Juan Salas izango du lagun. Eneko Otxagabia lakuntzarrak talde lana eginen du. Eta Latorren talde oparoagoa egin dute Cobelo, Van Dijk, Batle eta Herrero txirrindulariekin. Bizkaian, Seguros Bilbaok 23 urtez azpikoetan egin du apustua, eta Baquen erabateko aldaketa egin dute: Ruben Gorospek zuzendutako taldean soilik 23 urtez azpiko txirrindulariak izanen dituzte. David Etxebarriak Sopelanako Koplad-Uni2 taldea zuzenduko du, eta bertan 12 junior fitxatu dituzte, eta Ibaigane-Opelek Arratiako harrobia zainduko du oso talde gaztean.Gipuzkoan Bidelan-Kirolgik zituen txirrindulari onenak berritu ditu eta fitxaketa onak egin ditu, eta SDC Zarauztarrak Bruesaren lekua hartu du. Bizkaian Ibaiganek bezala, Belca, Debabarrena eta Zarauztarra taldeek Gipuzkoako hainbat gazteri emango diete txirrindularitzan lehiatzeko aukera. Afizionatuen mailako aurreneko eta bigarren urtekoez osatuko dituzte taldeak. Eta Araban Naturgas taldeak jarraituko du. Aro berri bat iragarri dute, Merino eta Ocampos fitxatuta eta Peio Bilbaoren jarraipenarekin. Gazte mailakoak VillatuertanNafarroako gazte mailako txirrindularien egutegia igandean hasiko da, Villatuertan jokatuko den XXII. San Veremundo Zirkuituarekin. Lizarraldeatik barna 77 km osatu beharko dituzte.