Euskadiko duatloi denboraldia, abian

Guaixe 2010eko otsailaren 26a

Asteburuan hasiko da 2010eko duatloi denboraldia. Larunbatean Mungiako duatloia jokatuko da, eta igandean Barakaldokoa. Mungiako proba 16:00etan abiatuko da eta duatletek 5 km egin beharko dituzte korrikan, 19 km bizikletan eta 2,5 km korrikan. Distantzia bera izanen da igandean Barakaldon osatu beharrekoa, baina kasu honetan proba goizeko 10:00etan abiatuko da. Sakana Triatloi Taldeko kirolariek gogoz hasiko dute denboraldia. Euskadiko Triatloi Federazioak 26 proba antolatuko ditu aurten Euskadiko Autonomi Erkidegoan, bai duatloian zein triatloian. Baina egonen dira Nafarroan antolatu eta jokatu eta Euskal Herriko Txapelketarako puntuatuko duten probak, tartean Sakanan. Izan ere, Euskal Herriko Zirkuituak 15 duatloi proba puntuagarri izanen ditu, otsaila eta maiatza bitartean jokatuko direnak. Tartean daude Arbizun, Altsasun - lehen aldiz antolatutakoa - , San Adrianen eta Eguesibarren antolatutakoak. Eta horretaz gain 11 triatloi proba, maiatzetik uztaileko erdialdera bitartean jokatuko direnak. Zirkuituan puntuatzen dute Aritzalekukoak, Iruñekoak eta Tuterakoak.