BELARRA KANTARI

Guaixe 2010eko otsailaren 26a

Doris Lessing 1919an jaio zen Iranen (Inperio Britaniarraren menpeko Persian) eta Zimbabwen hazi ( britaniarren menpe zegoen garaiko Rhodesian). Afrikatik Londonera jo zuen. "Belarra kantari" izan zen argitaratu zuen lehenengo eleberria. Ondoren beste asko etorri ziren, bere esperientzian oinarrituz fikzioa sortu eta lurralde beltzean gertatzen zen kolonialismo bortitza salatzeko. 2007an Literatur Nobel Saria eman zioten.Hain zuzen ere, Elkarrek Jokin Zaitegi bekari esker azken Nobel  saridunaren obra bat itzuli eta plazaratzen du urtero. Koro Navarrok euskaratu du esaldi laburrez eta hiztegi aberatsez istorioak dituen deskribapenak zehazki azalduz. Narratzaile orojakile batek maisuki darama irakurlea elkarrizketa gutxi duen obra indartsu honetan.Nobelari egunkarian agertutako erailketa baten berriak ematen dio hasiera: Lehen Mundu Gerra ondorengo Rhodesian, Mary Turner bere landetxeko berandan hilik aurkitu zuten, Moses morroi natiboak eraila. Eleberri beltzen estiloa du.  Hasiera-hasieratik badakigu, beraz, zein den istorioko ardatza, erailketa, eta zein hiltzailea, zerbitzaria. Kontua da nola ailegatu den horretara. Nerbioak dantzan jartzen dira, tentsioa igotzen doa ezin eramanezko bero sargori itogarria bezalaxe.Kontakizunean zehar Maryren historia ezagutarazten zaigu: aita mozkorti eta beti penatzen dagoen amarekin izan zuen haurtzaro pobrea; gaztaroa, berriz, alaia, ardura handirik gabea hirian; helduaroa nahasia adiskideengandik jasoko duen hipokresiak bultzaturik "barrutira" ezkonduko baita, hainbeste maite zuen hiria utzi eta etxalde batera bueltatzeko ongi tratatu zuen lehendabiziko gizonarekin ezkondu eta gero.Narrazioak Maryren garapena xehetasunez ematen digu, haren beldurrak, zalantzak, bakardadea, segurtasun falta, obsesioak (etorkizuneko planak, eguraldia, sexua, natiboak), egoera edo pertsonekiko sentimendu eta jarrerak ( senarrarekiko mespretxua, beltzekiko nazka, gainontzeko laborariekiko harrokeria...) , barne desintegrazioaren hasiera.Gainontzeko pertsonaiei dagokienez Dick Turner dugu, Maryren senarra: etxaldea gauza guztien gainetik maite duen gizona; gizon etsia, hala ere, emazteak laguntzen ez dion arren, aberasteko egitasmo guztiak (erlauntzak, txerritegia, indioilarrak, untxiak, denda, tabakoa) martxan jarri eta abandonatu egiten dituenak  beti "datorren urtea" hobea izango delakoan. Hainbeste desio dituen haurrak ere ez dira inoiz etorriko horren menpe uzten baititu, Maryren lasaitasunerako.Charlie Slatter, Londonetik Afrikara dirua egitera etorritako gizon gogorra, laborari aberats bilakatua irabaziak meatzaritzako akzioetan inbertiturik. Dicki alde egiteko esaten diona, emaztea handik ateratzeko erregutzen diona egoeraren tamalgarria ikusita. Interesez, errukiaz, bizi-senaz. Tony Marston, Ingalaterratik gazte ailegatu berria bozkariotan, Dicken etxaldea gobernatzeko kontratatuko duena.Moses, Dicken soroetatik Maryren sukaldera bidalitako eta haren zerbitzuan urte gehien iraun zuen natiboa. Nagusia hil zuenenean ezin esan zenbateraino zegoen damu edo erruki edo mendekuaren pozez.Dickek eta Maryk ez zuten inongo erlaziorik "barrutiko" gainontzeko   laborariekin, urteak baitzeramatzaten landetxetik atera gabe. Isolaturik bizi ziren etxe hondatu eta zarpail hartan: Dick soroetan, Mary etxeko bere gorputzaren forma hartua zuen sofa zaharrean.Garaiko deskribapenak erabat errealistak dira arraza eta klase desberdinei egindako erreferentziak asko direlarik. Zurien artean britaniarrak eta afrikarrak ( zuri pobreak) bereizten dira. Beltzak, natiboak, maltzurrak dira, usain txarreko izaki berritsu primitiboak, salbaje zikinak.Zibilizazio zuriak ez zuen onartzen giza harremanik, onerako edo txarrerako, pertsona beltz batekin. Natiboei ez zitzaien inporta gizon zuriaren ongizatea, eta denbora pasa aritzen omen ziren lanean. Pertsona zuri batek begira ziezaiokeen natibo bati, natiboa ez baizen zakurra baino gehiago. Gizon beltzek, nahiz eta poliziak izan, ez zituzten eskuak haragi zuriaren gainean jartzen.Emakumezkoaren papera ere argi gelditzen da zein den, etxekoandrea, alegia, beste ezertan erabakirik ez duena "Baina hau orain zure lana da-eta. Tea zerbitzatu behar etxera ailegatu eta berehala" .Maryren zorigaitza garai hartako belaunaldi osoarena izan zen, Mosesen sufrimendua izan zen bezalaxe. Hausnarketa, ordea, oraingo irakurleari dagokio.Izaskun Etxeberria Zufiaurre